GARA
BILBO

Zinegoak fikzioari begira jarriko da, eta Donostiara ere egingo du bisitaldia

Erdigunera iritsia da Zinegoak, Bilboko LGTB zinema eta arte eszenikoen jaialdia, eta, lehen aste honetako balantzea eginda, pozik agertu dira antolatzaileak, lau mila ikus-entzuleko langa gaindituta. Pau Guillen zuzendariaren arabera, zenbaki hori «oso positiboa» da eta zenbait emanaldi «jendez gainezka» egon dira, tartean “Call me Marianna”, “Arreta”, “O ornitologo” eta “Mara-mara” filmenak. Bigarren txanpan sartuta, fikzioari begira jarriko da jaialdi bilbotarra.

Martxoaren 5a bitartean, Bilborock, Golem eta Sarean antzokietan pelikula ugari egongo da ikusgai, besteak beste, “Rara”, “First Girl I Loved”, “Nunca vas a estar solo”, “Other People” edo “La Región Salvaje”. Gainera, La Fundicion aretoan, “Klasiko ezkutu argituak” zikloaren bidez antigoaleko filmak «bestelako begirada» batez aztertzeko aukera egongo da. Ziklo honen barnean ikusi ahalko dira “The Private Life of Sherlock Holmes” eta “Queen Christina”.

Sarean aretoan, aldiz, “Afrika Queer” zikloa izango da nagusi eta, horren barnean, bihar Xabier Madariaga kazetariaren “Etxera bidean” dokumentala ikusi ahalko da.

Asteburuari begira, aldiz, jarduera ugari antolatu dituzte. Ostiralean eta larunbatean, esaterako, Magda de Santo argentinarraren “Inundación” lana estreinatuko da La Fundicion aretoan. Lan hau Zinegoak eta Histeria Kolektiboaren artean ekoitzi dute eta, ostiralerako sarrerak jada agortu badira ere, martxoaren 4ko bi saioetarako (20.00 eta 22.00) oraindik eskura daitezke.

Azkenik, amaiera ekitaldia Guggenheim museoan izango da, martxoaren 4an. Bertan jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren.

Donostian ere emanaldiak

Amaiera aurretik, baina, Zinegoak Donostian ere izango da. Martxoaren 3tik 5era bitartean, bi film luze eta film labur sorta bat proiektatuko dira Trueba zinemetan (19.45). Ehgam, Gehitu, Donostia Kultura eta Sebastiane Sariaren lankidetzari esker, bederatzigarrenez iritsiko da Zinegoak Donostiara.

Martxoaren 3an Daniel Abma-ren “Transit Havana” emango dute, martxoaren 4an Adrian Silvestreren “Los objetos amorosos” eta martxoaren 5ean hainbat labur emango dituzte: Alejandro Duranen “Gravido”, Juan Flahn-en “Alto riesgo”, Anne Cazenave-Cambet-en “Gabber Lover”, Koldo Almandozen “Narcisso”, More Racaren “Home” eta Jose A. Cortes Amunarrizen “¡No es nada!”. Sarrerak, ohiko bideetatik eskura daitezke.