Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hamaika egiteko gara

Hamaika ikusteko gara! Hamaika entzuteko gara!… Hogei eta bi esango luke presidenteren batek kalkulagailua eskuan; baina ez, euskarak ez dauka hamaika baino gehiago denik! Ez dakit Lurretik kanpoko unibertso zabal horretan bizitzarik den, baina, izatekotan ere, zaila egiten zait pentsatzea gure planetakoa baino bizitza aztoratuagorik izango dutenik. Badaezpada ere, Lurretik kanpokoa banintz, harresia altxatzen hasiko nintzateke, sektore publikotik betiere, nire planetaren buelta osoan, Txinakoa bera barregarri utzita... Ate bakarra utziko nuke, pateretan heltzen direnentzat.

Tira, Lurraren harira! Gerrak berriro irabazten hasi gura du ozeanoz bestaldeko zer hark, eta “Barea” izena kenduta “Bortitza” ipini ere, izena eta izana bat etor daitezen. Kontua da, baina, irabazten hasi eta… segitu gura izango duela; behin hasita, tradizioa! Gerra bizimodu modura, jakina. Bata bestearen gainean, industria aspertu ez dadin. Errauste plantan legez, zaborrak etengabe! Amen.

Diru-partidak gerrarako gehitu, ingurumenekoak gutxituta. Ondorioz, beroketa globala gero eta beroago, eta, planeta honetan, gero eta etorkin, eta joakin, eta geldikin gehiagok hozkailu-kamioiak aterpe; sorterrian ukitutako beroa atzerrian topatuko dutelakoan… Beste planetarik balute, sikiera! Bada ez, planeta okerrean gara jaioak, baita Bilbo erdikoak ere.

Mon dieu! Barik, Mugi eta halako txartelek unibertsora joateko balio ez duten bitartean, hemen segitu beharko, etengabean ezkor aktibo, akuilu, unean une botoa ematen ere, gauzen izenak izanarekin bat etor daitezen. Gerraontziek ez dezaten antxoa sarean hartu, herritarrek zezenena zuzentzeko “boto-ontziak” izan ditzaten… Finean, hamaika gauza hemen bideratzeko. Kanporako bidaia atzeratu beharko dugu… eta hamaika baino gehiago ez da!