Introspekzioa izango da gaur DFeriako protagonista
Nork bere buruari jarritako helburuak bete diren aztertzea, iraganak norbera den horretan izan duen eraginaz hausnartzea, harreman orekatuak eraikitzen saiatzea edota orainaldia bizitzen jakitea dira DFeria Donostiako arte eszenikoen azokan gaur landuko diren gaietako batzuk. Ahotsik gabekoei ahotsa ematearen beharraz ere jardungo dira hainbat konpainia.

Lehen bi egunak beteta, azken txanpan sartua da DFeria, Donostiako arte eszenikoen azoka. Bihar ateak itxi aurretik, baina, introspekzioarekin, norbere barrura begiratzen eta ikusten dena interpretatzen jakitearekin zerikusia duten zenbait lan eskainiko dituzte gaur.
Horietako bat da Lasalaren “Now” dantza garaikideko pieza (12.00, Victoria Eugenia). Judith Argomaniz dantzari eta koreografoaren proposamen honek une batez gelditu eta egindako ibilbideaz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea. «Norberaren bizitzan bada une bat non zeure buruari galdetzen diozun ea iritsi nahi zenuen lekuan zauden, ea zure helburuak bete dituzun... eta, batzuetan, zeure burua berregiteko beharra ikusten duzu», azaldu zuen Argomanizek atzo hedabideen aurrean egindako agerraldian. Pieza honetan bost dantzarik eta hiru interpretek –adineko bi pertsona eta zortzi urteko haur bat– hartzen dute parte. Azken hauek «aurretik bizitza osoa duenaren ikuspegia eta atzean iragan luzea duenarena ematen digute», esan zuen donostiarrak. Dantzariek, aldiz, orainaldia ordezkatzen dute, «orain eta hemen ari dira dantzan; begiratzen ez baduzu, betirako galduko duzu».
Carpe diem pentsamendu hori dago Kanpairen “One way ticket” obran ere. Dantza garaikideko lan hau gaur estreinatuko dute, 23.00etan, Victoria Eugenia antzokian. Jorge Jauregui dantzari eta koreografoak azaldu zuenez, «pieza abstraktua da, hari narratibo argirik gabekoa; izan daitezke bakarrik bidaiatzen duten bi pertsonaiak bidea elkarrekin egitea erabakitzen dutela, zer gertatzen den ikusteko; itzulerarik gabeko txartela da, etorriko denaz ez arduratzeko deia, orainaz gozatzeko gonbidapena». Energiaz betetako pieza, mugimendu askokoa dela ere nabarmendu zuen Jaureguik eta ikuslea «euforia horrekin kutsatzera» gonbidatzen duela.
Dantzaren alorrean mugitzen da, halaber, Amaia Elizaran. Hainbat taldetan interprete aritzetik bere lehen koreografia sortzera ausartu da 24 urteko gaztea eta DFeriara ere ekarriko du “Raw” (23.00, Victoria Eugenia). Oreka da dantzari tolosarrak bere lehen proposamen eszenikoan landu nahi izan duen gaia: «Bi gorputz neutroren arteko oreka bilatzea izan da asmoa; neutroak dira ez ditudalako gizon edo emakume bezala ikusi, elkarren ondoan dauden bi gorputz dira eta, bata erortzen bada, bestea ere gainbehera dator», azaldu zuen.
Lotan dagoen gizarteaz eta denbora galtzen ari den gazteriaz ariko da, bere aldetik, Compañía Ferroviaria. Valentziarrek “Sedientos” obra dakarte DFeriara (10.00, Intxaurrondo K.E.), «memoriak gure barnean eragin eta zerbait hobea bilatzera nola bultzatzen gaituen» adierazten duen obra, Paco Macia zuzendariaren hitzetan. Carlos Gorbe antzezleak gaineratu zuenez, Wajdi Mouawad dramaturgo libanoarrak idatzitako obra «errutinaren aurka matxinatzen da, gazteok denbora galtzen ari garela erakusten digu... Mundua lo dagoela sentitzen du eta astindu bat emateko, esnatzeko beharra sentitzen du. Niri, pertsonalki, nire zenbait ekintza zalantzan jartzera eraman nau obra honek», aitortu zuen. Lana lehen aldiz ikusi ahalko da Euskal Herrian.
Europa mailako estreinaldia
Sutottos argentinarrek lehen aldiz antzeztuko dute Europako lurraldean euren zazpigarren obra, “Inestable”, «publiko zein prentsari dagokionez, orain arteko arrakastatsuena», Gadiel Sztryk-en esanetan. Berak eta Andres Caminosek osatzen duten bikote artistikoak beldurrak izango dituzte hizpide, umorea oinarri duen ikuskizun honetan. «Beldurrak, fobiak, itoaldiak eta obsesioak», zehaztu zuten, eta horiek bi pertsonaien artean sortutako gatazken bidez eta ikuskizunerako propio konposatu dituzten hiru abestien bidez aztertuko dituztela esan zuten.
Max sarietarako zortzi izendapen dituen “Los malditos” ere gaur ikusi ahalko da Donostian (20.30, Victoria Eugenia). Unahoramenos konpainiaren lan honetan migrazioaren alor ezberdinak jorratzen dira. «Senegaleko prostituta bat hilik azalduko da eta gure protagonista konturatuko da inork, ezta poliziak ere, ez duela gaia ikertuko. Hariak astintzen hasi eta mugimendu migratzaileen inguruan dokumentala osatzen ari den ikertzaile batekin egingo du topo», esan zuen Mario Vega zuzendari kanariarrak. Antzezlanean jatorri ezberdineko lau aktorek (Uruguai, Kanaria uharteak, Ekuatore Ginea eta Argentina) hartu dute parte eta, denen artean, ertz askoko obra osatu dutela gaineratu zuen.
Gizarte gaiak aztertzen ditu Laurentzi eta Arriaga antzokiaren artean osatu duten “Coordenadas” antzezlanak ere, kasu honetan memoria historikoa. «Gordeta, preso, prekaritate betean» dauden hiru pertsonaia eraikita «bide bazterretan, hobi komunetan, ahaztuta ditugun horien ahotsa» goratu nahi izan dute, Lander Iglesias zuzendariaren hitzetan. Obrak «ahanzturaren aurkako antidotoa» izan nahi duela nabarmendu zuen.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
