Jon GARMENDIA
Idazlea

Dantza

Hendaian nago, Lapurdi eta Gipuzkoa elkartzen diren herrian, Txingudiko badiatik Hondarribia ikusten dut, itsas ainarak hegaka dabiltza, eta hurbil, Gaztelu Zahar frontoian, teloi urdin-berde erraldoi bat paratu dute horma horiztatuak estaltzeko; azpian urmaela eraikitzen ari dira, aintzira ttipi bat, edo igerileku erraldoia, ez dakit zehazki zer den. Zalantza eta harridura aurpegi berarekin dozenaka ikusle, promenatzeari utzita gertakaria jarraitzen dutenak begiluze. Teknikariak harat-honat, bi garabi koskor eta kamioi ugari, argi foku handiak eta proiekzio pantaila handiagoak. Berrogei bat neska gazte beroketa ariketak egiten, dantzariak, mozorro koloretsuekin jantziak. Bizarrari goxa-goxa eginaz pentsakor ageri da gizon bat, muntaia honen guztiaren arduraduna da, Telmo Esnal, zinema zuzendaria; ondoan du katiuska berdeak jantzita burua ile zuriz beteta daukan beste gizon bat, laguna, konplizea, zinema zuzendaria bera ere, nahiz eta arropa horiekin arrantzalea dirudien gehiago, Asier Altuna da, “Dantza” filmaren ekoizleetako bat. Beste ekoizlea Jokin Etcheverria da, Donibane Lohizunekoa, lehen aldiz elkartu baitira Hegoaldea eta Iparraldea film bat aurrera eramateko. Ederki kosta den proiektua omen da, gure herrian finantziazioa lortzea zailagoa baita pelikula on bat sortzea baino. Ikusmina sortu dit asteburuko filmaketak, itxura ederra du Esnalen proiektu berriak, eta askori entzun diodana dut buruan nik ere: emaitza ikusteko irrika.