Arantxa MANTEROLA
HENDAIA

«Mugaz gaindiko» enplegua sustatzeko azterketa egingo du Euroeskualdeak

Besteak beste, Europako Feder eta Poctefa funtsak baliatuta, Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak «Enplegua AE» izeneko proiektua abiatu du. Helburua, «mugaz gaindiko enpresen eta enpleguaren arteko harremana» sustatzea izango du, «langileen zirkulazio librearen printzipio europarra errealitate» bilaka dadin.

Egun, lankidetza eremu fisiko nagusia Donostia eta Baiona artekoa da (600.000 biztanle) eta, orotara, 5.000 bat langilek egiten dute lan Ipar Euskal Herriaren, EAEren eta Nafarroaren alde batean edo bestean. Jarduera esparruak askotarikoak eta osagarriak direnez, enplegu aukerak garatzeko gaitasuna dagoen uste osoa dute Euroeskualdeko arduradunek.

Oztopoak gainditu

Halere, helburu hori erdiesteko mota askotako oztopoak badirela jakitun dira. Horregatik, besteren artean, «muga fisiko, administratibo eta linguistikoak» kontuan hartuko dituen ikerketa abiatuko dute, irail bukaeran diagnostiko zehatza eta jarraibide posibleak ere planteatuko dituena.

Norabide horretan hiru hizkuntzatan (euskara, frantsesa eta gaztelania) informazioa proposatuko duen webgune bat ere zabalduko dute ekaina eta uztaila artean enpresa, langile eta langabeei begira, guztiek sortzen diren lan aukeren berri izan dezaten. Hiru eskualdetako administrazio araudiak ere hedatuko dituzte eta enplegu zerbitzu publikoetan informazio-gune bereziak zabaltzeko asmoa dute.