Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bestelako berrikuntzak

Beste behin, berriro ere, A-8ko bidesaria albiste! Bide hori egiteko ordaindu behar den edo ez den eztabaidagai. Eta baiezkoan, ordainlekua non jarri behar den eta zeinek kudeatu behar duen, hori ere ezbaian. Beti arduratu naute gehiago bidearen norakoak eta nolakoak sariak baino, bidaideek bidesariak baino…

Zer? Autobidea? Zer autobide eta autobide-oste! Zer kristo eta zer gurutze! Ni ez naiz horretaz ari, demonio! A-8ko bideaz ari naiz ni, apirilaren 8an izatekoa den horretaz! Ez nahastu burua gero, nirea sikiera! Autoaz gura baduzu eztabaidatu, konforme! Auto-determinazioa eztabaidagai! Baina gaur ez nator horrekin, mon Dieu! Amen.

A-8 horretakoaren nondik norakoaz ideiarik ere ez dut. Are gehiago, ez naiz batere kurioso. Baina gauza batean sinestun nago, bestelakoa izango da hori! Berritzailea! Ditxosozko innobazioa non eta horko plazan eta inguruko basoetan, noiz eta apirilak zortzi dituenean, nortzuek eta artisauek. Armagabetzea 4.0. Hara hor berrikuntza, gizarte politikoaren erreferentea!

Bada politikaren bilakaera ziklotan azaldu gura duenik. Baten amaierak beste baten hasiera dakarrela, zikloka. Bada ez, naturan ere ez da ziklorik. Continuum bat baino ez da, etenik ez duen bilakaeran. Etenik ez baina mugarriak bai! A-8koa, kasu. Geltokiak gelditzeko lekuak dira, ez behin betiko geratzekoak. Bideak denborari darraio, orain tipi-tapa, orain korrika.

Innobazioa ere gero Korrikarena! Urteak joan badira ere, berrikuntza izaten jarraitzen du! Gizarte zibilaren ekoizpena. Kulturaren susperraldia. Zirraren eguneratzea. Abiaduraren lasaia. Urik gabeko uholdea. Errepide-mapako bide sekundarioak lehenesten dituena. Lurzoruan, bestelako etikan, biodibertsitate lokarria. Beroketa globalean hozkirria. Bestelako osasuna, azken finean…