Jon GARMENDIA
Idazlea

Baionako udaberria

Ameslari batzuk bezala oroituko ditu munduak. Heien herria defendatzeko armak eskuetan hartzea deliberatu zuten idealista gisa. Toki eta jatorri desberdinetako gizon-emazteek osatutako erakundea, herritik sortua, eta herrira itzulia. Bitxia bezain alaia herria, garai batean armak eskuratzen zituztelako pozten zena, eta egun, armak itzultzen dituztelako pozten dena. Nobelak idatziko dira, filmak errodatuko, eta historia liburuetan askatasunaren parean agertuko dira euskal borrokalariak. Edo... ez da batere horrela izango, horretan datza errelatoa, garailea nor den eta garaitua zein izan den, edo izan liteke garailerik gabeko “denak ados” bestela. Ikuskizun da. Eta erakunde horri buruz “istak” beteko du lista, izanen da sozialista eta independentista, edo izanen da terrorista eta faxista. Momentukotz ez dirudi axola handiegirik duenik. Axola duena da udaberria Baionan loratuko dela apirilaren 8an, beharbada Portugalgo Krabelinen Iraultzak bezalako irudi potente bat eskainiaz munduari. Bukolikoki atzera begiratu ahalko da beti, zilegi bekio behatzaileari, baina hau aurrera doa, gertakariak gertatu egiten baitira, eta zerbait gertatzera doa, handia iduri duena. Izango da ados ez denik, izango da uros denik, baina apirilaren 8tik landa, gure historian, ezer ez da izango berdin.