GARA
LAKUNTZA

Hatortxu Rockek aurkezpen bira egingo du nazioartean

Lakuntzan egingo da uztailean euskal errepresaliatuen aldeko jaialdiaren 20. edizioa, eta, atzo iragarri zutenez, apirilean hasita hamabost aurkezpen kontzertu egingo dituzte, bai Euskal Herrian bai atzerrian.

Hatortxu Rock euskal errepresaliatuekiko elkartasun jaialdia uztailaren amaieran iritsiko da Lakuntzara eta atzo egin zuten jaialdiaren aurkezpen ofiziala. «Baina jaialdia ez da Lakuntzara mugatuko», iragarri zuten antolatzaileek, eta Euskal Herrian zein nazioartean jaialdia ezagutzera emateko bira antolatu dutela azaldu zuten. Atzoko aurkezpen ekitaldiaz gainera, elkartasun jaialdia beste hamabost hiritara ere iritsiko da horrela, besteren artean Madril, Bartzelona, Paris eta Berlinera.

Berlinetik Parisera

Atzo Lakuntzan egindako aurkezpenean, biraren iragarpena egiteaz gain, Olatz Salvador eta Xabi Solano & DZk emanaldia eskaini zuten. «Baina norbaitek txaloak bildu baditu Jabier Esteban izan da, Inocencioren paperean. Dispertsioa pairatutako Jabier Estebanek euskal presoen eskubideen urraketaren inguruan deus ez dakien bizilagun baten papera hartu du, eta hunkigarria izan da, oso», laburbildu zuten antolatzaileek.

Nazioarteko bira apirilaren 14ean abiatuko dute, Berlinen, Estricalla eta Perlata taldeekin. Hilaren 16an, Gernikan, Aberri Egunean, Hesian eta Altxatu izango dira, eta, 22an, hitzordu bikoitza: Gasteizen Voltaia eta Strombers eta Senperen Revolta Permanent eta Kop. Biharamunean, apirilaren 23an, Zumaian, Lur J eta ETS izanen dira. Hilaren 29an, berriz ere bi aurkezpen: Iruñeko Txantrea auzoko jaietan Oharkabe eta Bad Sound egonen dira, eta, Donapaleun, aldiz, Su Ta Gar.

Maiatzak 5ean, Tolosan, Benito Lertxundi igoko da oholtzara, eta, Bilbon, Juantxo Skalari & The Rude Band eta Zartako K. Maiatzaren 13an Herrialde Katalanetan izango dira, Manresan, Def con Dos, Escuela de Odio eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren eskutik. Elorrion, egun berean, Kepa Junkera eta Sorginak egonen dira. Biharamunean, Iruñeko Baluarten Korrontzik “Nafar loreak” ikuskizuna taularatuko du. Maiatzaren 19an, Agurainen, Ruper Ordorika izango da, eta Madrilen, Non Servium eta DJ Jotatxo. Parisen itxiko du bira Hatortxu Rockek, Zea Mays eta bertako Premiere Ligneren ikuskizunarekin.