Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Podiumik gabeko etapa amaiera

Burua bor-bor azken egunotan, berriez ase. Irakurria dut hainbat haztegi hustuko dituztela Iparraldean hegazti gripeagatik, huste sanitarioa diote. Irakurria ere zulo guztiak hustu dituztela hor, bestelako osasunagatik. Guztiak? Ez, oraindik zulo asko geratzen dira hainbaten buruan, bekaizti-gripeaz beteak, noiz hustuko zain. Baina atzokoa atzoko, eta gerokoa geroko, mugarriak bai baina etenik ez duen segidan… Atzo egin zuen erakunde armatu izandako batek bere azkeneko ekintza, gaurko mundu honetan izan zitekeen onena. Ekintzaren helburua, erakundea bera! Atera kontuak! Eta kolpea gero, ekintzaileak ez dira erakundekoak izan! Horretan ere berrikuntza adibidea A8koa! Tori innobazioa! Armagabetzea 4.0. Izan dena izana da, beti izenik izan ez badu ere. Gertatua objektiboa da, interpretazioa da subjektiboa: nork berea. Gizartea plurala bada, eta ez dago gizarte singularrik inon, kontakizuna bera ere halakoxea izango, plurala! Ezinbestean! Plurala izatea baita esklusiboa ez izateko bermea. Atzo, itzuli baten azken etapa jokatu zen, erlojuaren aurkakoa, itzulia denboran luzatuz gero ez baita itzulia esaterik, itzalia baino ez. Eta kolpea honetan ere! Podiumik ez zen izan, musu-trukeko azafatarik ere ez, ez eta lore-sortarik ere! Berrikuntza! Azken etapa horretan hor ibili ziren, ezkutuan, lekuko hartutako pendrivea eskutik eskura pasatzen, errepide sekundarioetan barreneko korrika moduan. A8koa idatzita dago, A9tik aurrerakoa idazteko. Itzultzeko etapa, kanpora joan behar izan zutenak eta kanpora eramanak itzultzekoa. Bake-borrokarako garaia, hitza arma hartuta. Kaputxadunek segituko dute, prozesioetan. Eta armek uniformedunen gerrikoetan. Historia liburuak orri bat gehiago dauka honezkero, eta istorio asko. Irakurlearen interpretazioa da balio duena, eta ekintzaile izan.