Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Euskadi Commonwealthen?

Dioten bezala, joan dena joana da eta etortzen ari dena ez da oraindik heldu; beraz, gauden unean gaude. Aste Santuan. Gauza asko eta askotariko egiteko astea. Azokak, kasu baterako. Artisautza Azoka iragarkia ikusi dut orri baten bazterrean. Primeran! Joan dena joanda ere artisauak nonahi eta noiznahi behar direlako. Artea ulertzeko beste modu bat, berau. Aberri Eguna ere hortxe, pasio astearen azkenean; kasuala ala kausala den zeuk esan. Nork bere moduan ulertu eta gauzatzeko eguna, patria edo patrie dutenek ere bai, eta guztiek dute mapan mugatua den lurralde bat buruan, eta programan; batzuek ahuntza ere! Amen.

Total, gaur aberria ospatzen ari direnen artean ohikoa, nork berea; berrikuntza gutxi, innobazioa bat ez. Batzuek betiko plaza hartuko, meza nagusiaren jarraipen modura. Aberri Eguna 0.0. Mon Dieu! Subiranistek, ostera, plaza berriak hartuko, bidean aber ia asmatzen dugun esan gurarik, burujabetzarako esparruak zabaltzen. Burujabetza 4.0. Horretarako, artisauak behar izanda ere artearen norabidea da nagusian egokitu beharrekoa. Baina hori bihartik aurrera izan beharko, gaur plaza tokatzen baita.

Aste santua, bai. Zer ez duen honek ikusiko! Ama, ama! Hau kalapita gero! Nortzuk eta jelkideak, nori eta hemengo Elizari, zer eta errieta, armonia. Akabo bien arteko harmonia ote? Armagabetzearen ajea agerian. Ez dut imajinatzen betiko plazako horiek lege zaharrekin geratuta jaungoikoari uko egiten, horrela izatekotan ez baitziren gehiago jelkide izango, «lkide» baino ez. Baina ulertzen dut Elizaren mesfidantza; Jaurlaritzak, lema aldatu gabe, leloa aldatu berri du: “Euskadi bien común” (Commonwealth edo, Europatik aterako ote?). Komuna, harrapatu? Laster “Euskadi En Común” izan liteke hori … eta… irudimena agintari! Aste Santua bada ere. Amen.