Jon LEUNDA
Aizkora

Donato Larretxeak eta Julen Kañamaresek Urrezkoan aurrera jarraituko dute

Nafar beteranoak honelako lanetan maisu izaten jarraitzen duela erakutsi zuen.Aroztegikoak, berriz, zutikako enborra moztean erabaki zuen auzia.

Donato Larretxea eta Julen Kañamares izan dira Buruz Buruko Urrezko Aizkoran aurrera egin dutenak, atzo Gasteizen, Armentian, jokatutako saioan. Sekulako jendetza batu zen bi norgehiagokak ikustera.

Bi kanporaketa jokatu ziren, eta aurrenekoan Kañamares eta Zaldua lehiatu ziren. Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita erdibitu zuten. Hirugarren lana, 60 ontzako bat ebakitzea izan zen, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten.

Kañamaresen eta Zalduaren arteko neurketa zutikako enborrak erabaki zuen; hor nafarrak gipuzkoarrari atera zion aldea erabakigarria izan zen, Zalduak denbora asko galdu baitzuen. Erlojuz kontrakoan berdinduta geratu ziren, bakoitzak 57na segundoan amaitu baitzuen lana. Gero etorri zen zutikakoa, eta horrekin, triskantza. Kañamaresek berea 2 minutu eta 7 segundoan amaitu zuen, eta Zalduak, berriz, 3 minutu eta 33 segundoan.

60 ontzakoarekin Zumarragakoa hobea izan zen, lana 3 minutu eta 15 segundoan amaituz eta aurka zuen aldea lau segundoan laburtuz. Iraupen proban ere gipuzkoarra gailendu zen bere lana 15 minutu eta 12 segundoan amaituta, baina segundo bakar bategatik irabazi zuen. Ondorioz, Kañamaresek 21 minutu eta 36 segundo behar izan zituen bere lanak egiteko, eta 22 minutu eta 57 segundo, berriz, Zalduak.

Larretxearen eta Alberdiren arteko neurketan, berriz, nafarra jaun eta jabe izan zen. Erlojuz kontrakoa minutu eta 14 segundoan amaitu zuen Larretxeak, azkoitiarrari 12 segundo ateraz. Zutikakoa, berriz, Donato Larretxeak minutu eta 28 segundoan amaitu zuen, eta 39 segundo gehiago sartu zizkion aurkariari. 60 ontzakoa, 3 minutu eta 37 segundoan amaitu zuen, eta beste 16 segundo sartu zizkion. Iraupen proban, berriz, 11 minutu eta 36 segundo behar izan zituen Donatok, eta Alberdik, 12 minutu eta 38 segundo. Denera, 17 minutu eta 55 segundoan amaitu zuen jarduna Larretxeak, eta 20 minutu eta 5 segundoan, berriz, Julen Alberdik.

Gaurko saioa Zumaiako Odieta pilotalekuan jokatuko da 12.30ean hasita, eta bertan Mikel Larrañaga, Jexuxmari Mujika, Patxi Mindegia eta Juanjo Lopez izango dira lanean arituko direnak. Gaurkoan ere bi izango dira aurrera egingo duten aizkolariak, eta horien artean faborito nagusia Mikel Larrañaga izango da.