Idoia ERASO
URRUÑA

Euskarazko adierazpide artistikoei gune berezia eskaini die Elepikak

Elepika, Errobiko mediateken euskarazko festibala, maiatzaren 20ra arte luzatuko da. Euskal Elkargo berriaren Hizkuntza eta Kultura sailen laguntzarekin antolatu dute jaialdia Uztaritze, Kanbo eta Itsasuko liburutegi eta mediatekek.

Euskarazko emanaldiak ohoretan jartzen dituen festibal honetan adierazpide artistiko eta pedagogiko anitzak aurkeztuko dira. «Xedea euskal hiztunei euskara baliatzeko guneak eskaintzea da, euskaraz soilik bizitzeko aukera bat, eta euskal sorkuntza artistikoa hedatzea eta partekatzea», adierazi zuten Elepikako antolatzaileek.

Liburuen mundutik harago, musikaren inguruko gaualdiak antolatuko dituzte Uztaritzen, haurrendako dantza eta zirkua Itsasun, euskal zinemaren alderdi ezberdinak agerian utziko dituzten ekimenak Kanbon. Publiko zabalari irekiak diren ekimenez gain hezkuntza zentro ezberdinen arteko booktrailer lehiaketa, profesionalendako masterclass-ak eta formakuntzak ere izango dira.

Mintzaldi-kontzertua

Programazioa oso anitza da, bai ikuspegi artistikotik eta bai xede duen publikoari dagokionez. Gaur 20.30ean Uztaritzeko mediatekan “Haga, biga, higa” mintzaldi-kontzertua eskainiko dute Eñaut Elorrietak eta Mikel Markezek, euskarazko musikari buruzko multimedia emanaldia.

Bihar “Boom Tchack” tailerra antolatu dute Uztaritzeko mediatekan 17.00etan, eta 20.00etan Lumiren soinu elektro-popa entzuteko parada izango da.

“Zonbi eta ketxup” gaualdia egingo dute maiatzaren 16an, Kanboko L’Aiglon zinema gelan: euskarazko beldurrezko film labur parodikoak proiektatuko dituzte.