Nortasun kontua
Ez dut maite gu hobeak garela esatea, besteak beste, onenak izan arren gure historiari begiratuta gerra guztiak galdu ditugula ohartzen naizelako. Beste gauza bat da «besteak» gu baino eskasagoak direla esatea, baina hori ez da iritzi bat, hori datu objektibo bat da, harro egoteko arrazoi bat ez bada ere. Hala ere, larunbatean bai, harro sentitu nintzen Nietzscheren supergizakia euskalduna zela ulertzean, eta, moralak Mendebaldeko gizartea zikiratu badu ere, oraindik instintuei lekutxo bat gorde dien tribu bakanetakoa garela ikustean.
Biarritzeko hondartzan zeuden milaka pertsonen artean irribarre gutxi ikus zitekeen. Zenbat aurpegi triste, espresio gabeko, beldurrez eraikitako hezur azalean, eta han erdian, begirada zikoitzen jomugan, haserre behar luketenak algara batean. Milaka haur ziren hondartzan, haurrak haur izaten ikus zitekeen eremu bakarra zen gurea, jolasean, korrika, barrez, negarrez, arrastaka, hondarrez eta kresalez “zikinduta”. Artean, malekoitik, numero bilakatu diren ustezko gizakiak begira, National Geographic-en dokumental bat behatzen ariko balira bezala.
Katxina txakolin botilak eskuz esku, ikurrinak itzala ematen, Euskal Herri osoko surflariak batuta, elkarri ogitarteko zatiak trukatzen, selekzio anitzetako kideei tragoa eskaintzen, Senegaleko kideekin harremanak lantzen, eta Israeleko taldeari txistu egiten. Tarteka, gainean genituen ehunka bisaia triste haiei begiratu eta gurekin elkartzera gonbidatzen genituen, baina alferrik, ezta bekain mugimendu ñimiñorik ere. Ez dakit zeren beldur diren, jada bizirik dauden seinale txikiena ere igortzeko gai ez badira.
Pablo Solar Espainiako Selekzioko zuzendaria ere gerturatu zen gu agurtzera eta orduan falta zirenekin gogoratu nintzen. Batetik, beste selekzioetan parte hartzen ari diren lehiakideak; ez zuten gugana hurbiltzeko adorerik izan, ongi etorriak zirela jakin eta batzuei gonbidapen berezia egin zitzaien arren. Eta bestetik, Euskal Herriko Surf Federazioko kideak.
Ekitaldian parte hartzeko, Bizkai eta Gipuzkoako federazioak beren kabuz antolatu behar izan ziren. Afera honetan lanean aritu den Oier Ilarramendik bakarrik jardun behar izan du, EHSFren laguntzarik gabe. Beraz, aurrera begira badira kontuan hartu beharreko bi gauza: batetik, kirolariek beren partetik ez dutela ezer egingo, eta bestetik, azken asteetan biltzea lortu den kapitala desegin ez dadin eta harremanek indarrean jarrai dezaten bitartekoak jarri beharko direla, eta horretarako EHSF traba baldin bada, moldaketak egin beharko direla.
Iazko irailaren 26an, “Batu gaitezen” izeneko artikuluan Biarritzeko txapelketari begirako helburuak eta horiek lortzeko egin beharreko urratsak zeintzuk ziren idatzi nuen. Parte hartu ahal izatearena kenduta, gainontzeko helburu eta urrats guztiak maiatzaren 20a aitzin lortu ziren; horregatik larunbatekoa, protesta baino, festa izan zen. Inoren zain egon gabe, lanean jarraitzeko bide berri bat ireki da, eta urrats gehiago egin ahala orain artean ezer egin ez dutenak ere batuko dira. Denbora gutxian gauza asko lortu dira, eta lortuko dira, ezarritako helburuak lortzeko gai garela sinesten badugu. Gauza asko falta zaizkigu, baina osagai nagusia daukagu, nortasuna.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»
