Andoni ARABAOLAZA
HORMATZARRAK

Marek Raganowiczekbakarka jardun du Baffinen

Eskalatzaile poloniarrak bi bide zabaldu ditu Scott uharteko Ship’s Prow paretan: «Mantra Mandala» (VI, A3+, 450 m) eta «Secret of Silence» (VI, A4, 600 m). Eskalatzaile poloniarrak ez du parabolt bat bera ere jarri sortutako bi marrotan.

Marek Raganowicz urtearen hasieran azaldu zen orriotatik; izan ere, Norvegiako Troll Wall hormatzar sonatuan bakarkako neguko lehen igoera egin zuen. Ia denbora galdu gabe, iragan martxoan, Baffinera bidaiatu zuen. Hasierako asmoa bertan behera utzi eta Scott uharteko Ship’s Prow paretan jardun zuen.

Eta helburua bete egin zuen; izan ere, pare bat bide sortu zituen. Lehenak “Mantra Mandala” du izena. Hormatzar horren ekialdeko aurpegian zabaldu zuen. Jarduera martxoaren 23an hasi zuen; eta bukatu, berriz, apirilaren 8an. Marra berria 450 metro luze da eta honako zailtasunak ditu: VI eta A3+. Hormatzarretan espezialista handia den poloniarrak gakoak jartzeko sei puntutan arroka zizelkatu zuen. Alabaina, ez zuen parabolt bat bera jarri; ez bidean zehar ezta bileretan ere. Horretaz guztiaz gain, ez zuen luze bat bera ere finkatu.

“Secret of Silence” marrari (VI, A4) dagokionez, bestalde, aurreratu behar dugu, lehena ez bezala, bigarren bidea hormaren iparraldeko aurpegian ireki zuela. “Mantra Mandala” baino pixka bat luzeagoa da: 600 metro. Eta bakarkako eskalada honetan ere ez zuen paraboltik erabili, baina, ordea, lau luzetan soka finkatu zuen. Inguru horretan zeuden baldintza gogorrak zirela eta, Raganowicz paretatik behin baino gehiagotan jaitsi zen. Bide berria zabaltzen, beraz, apirilaren 16an, 18an, 20an, 22an eta apirilaren 23tik maiatzaren 1era bitarte aritu zen.

Poloniarrak onartu du Baffinen egin duen bakarkako espedizioa ederra izan dela, baina, ere berean, baita oso gogorra ere. Berez, Raganowiczen lehentasunen artean ez zegoen Scott uhartea. Bere benetako xedea Sam Ford izeneko fiordoan dauden hormatzar ugarietako batean bide bat zabaltzea zen. Eta, gainera, ez bakarrik, baizik eta Marcin Tomaszewski kidearekin batera. Baina lerrootako protagonistak baieztatu duen bezala, helburu hori aurrera ateratzea ezinezkoa izan zen: «Martxoaren 3an, Marcin eta biok Sam Ford fiordora iritsi ginen. Esku artean xede oso interesgarria genuen, eta oso motibatuta geunden. Baina alderdi hartako klima oso bortitza da eta iritsi bezain laster ohartu ginen ezer gutxi egiteko aukera izango genuela; izan ere, haize bolada indartsuek ongi etorri zakarra egin ziguten. Eta gutxi balitz, muturreko hotza egiten zuen: 50 gradu zero azpitik. Panorama horrek gure asmoa zapuztu egin zuen. Marekek Poloniara itzultzea erabaki zuen. Ni, berriz, iparraldera abiatu nintzen; hain zuzen ere, Scott uhartera».

Bi bide

Raganowiczek, guztira, hamabi asteko bidaia egin zuen, eta horretatik zazpi bakarrik egon zen. Jakina, Scott uhartean igaro zituen asteok. Alderdi horretan dagoen Ship’s Prow paretak erabat erakarri zuen, batez ere, haren ipar hormak.

Eta denbora ez galtzeko, hormaren oinarrira heldu bezain laster, hura aztertzen hasi zen: «Jakin banekien, eguraldiak erabat baldintza zezakeela nire xedea. Lehen egunak inguruan nituen paretak eta aurpegiak aztertzen igaro nituen. Nire buruari galdetzen nion bide berriak zabaltzeko horma aproposena zein izango ote zen. Azkenean, marra perfektua aurkitu nuen; baina, hura zabaltzeko, oraindik hotz ikaragarria egiten zuen. Denboraren poderioz, ohartu nintzen eki aurpegian zer edo zer egin nezakeela, egunean pare bat orduz eguzki izpiak jasotzen zituelako».

Ipar aurpegia handiagoa eta tenteagoa zen, baina, poloniarrak aurreratu duenez, pareta horri ekiteko itxaron egin behar zuen: «Denbora galdu gabe, eki aurpegira abiatu nintzen, eta, 17 eguneko jardunaren ostean, bide bat zabaldu nuen. Ondoren, astebeteko atsedena hartu eta ipar aurpegira joan eta beste bat sortu nuen. Bietan ala bietan ez nuen paraboltik erabili».