Jon LEUNDA
Sega

Gipuzkoakoaren errebantxa izango da Euskal Herrikoan

Iban Pardo, Jokin Etxeberria, Julen Gabirondo eta Jexuxmari Ormaetxea lehiatuko dira finalean.

Gipuzkoako finalaren errebantxa izango da Euskal Herriko finalean, atzo Aian jokatu zen kanporaketan Gipuzkoako azkeneko egunean aritu ziren laurek eskuratu baitzuten Euskal Herriko finalerako txartela. Ez zen ezusterik izan, eurak baitziren txartela lortzeko faboritoak. Ondorioz, Gabirondo II.a, Ormaetxea, Pardo eta Etxeberria izango dira azken saioan. Bederatzi segalari lehiatu ziren bi multzotan banatuta Aristerrazuko belardietan, eta bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako. 400 ikusle inguru bertaratu ziren finalerdia ikusteko asmoarekin.

Aurreneko multzoan, Jon Kanflanka falta izan zen. Nafarroako txapeldunak azken egunotan min hartu du, eta azkenean ezin izan zuen atzokoan parte hartu. Julen Gabirondo eta Jexuxmari Ormaetxea ziren multzo honetako bi faboritoak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Bien artean oraingoan ere oso tarte txikia izan zen, baina kasu honetan Gabirondok eraman zuen garaipena. Denera 1.331 kilo belar ebaki zituen. Ormaetxeak 1.305,5 kilo ebaki zituen, eta biek lortu zuten multzo honetatik final handian aritzeko eskumena. Atzetik, Otegi (1.207,5 kilo) eta Merkader (1.131 kilo) sailkatu ziren. 

Ezusterik ez

Bigarren multzoan ere ez zen izan ezusterik, eta Pardok eta Etxeberriak egin zuten aurrera. Multzo honetako aurreneko biek lortu zuten atzokoan kilorik gehien ebakitzea, eta, aldiz, multzo honetako azkeneko biak izan ziren atzokoan kilorik gutxien ebaki zituzten segalariak.

Iban Pardo zestoarrak lan bikaina egin zuen, eta atzo berriro ere argi eta garbi erakutsi zuen txapelaren lehian aritzeko moduan dagoela. Gipuzkoako finala hirugarren lekuan amaitu zuen, baina aurrenekotik oso gertu geratu zen, eta atzo ere itxura bikaina eman zuen. 1.480,5 kilo ebaki zituen. Etxeberriak, berriz, 1.434 belar kilo moztu zituen. Hauen atzetik, eta finaletik kanpo, Irazustabarrena (1.214 kilo), Bilbao (990 kilo) eta Berekoetxea (901 kilo) geratu ziren. Finala abuztuaren 6an jokatuko da, Asteasun.