«Azkeneko eguna berezia da, besta itxiera ospatuko dugu»

Jean-Luc Gayk erronka handiari ekin zion duela urte eta erdi Pannecau karrikako kantoi batetik San Andres plazari begiratzen dion Cafe Salud bere gain hartu zuenean. Geroztik ostatua auzo bizitzan txertatzeko ahaleginetan jardun du.
Ostalaritza zainetan darama. Garona Garaiko eskualdean sortua, ekialdetik mendebaldera deskubritu zuen Euskal Herria. Alduden lan egin ondoren –«Nafarroako erritmo eta ohiturak gertutik bizi eta dastatuz»– Hendaia aldera jo zuen, Lapurdiko hiriburuaren xarmak bihotza harrapatu zion arte.
Ordutik Baiona Ttipiko eguneroko ohituren arabera mugitzen da eta auzoko jendea bere bizitza paisaiaren parte saihestezina da. Izan ere, Cafe Salud lehenagotik ere kulturen arteko bidegurutzea izan da, bere izenak erakusten duenez.
Erritmo latinoek girotzen dituzte egunak, eta bereziki gauak, ostatu atsegin honetan. Bezeroen dantza gogoa asetzeko Sambalungos brasildar taldearengana jo dute aurtengo jaietan.
«Baionako ostatu askotan bezala, gure kasuan ere musika taldeak ekartzen ditugu, lokala alaitzeko eta jai giro propioa sortzeko», eman du aditzera Jean-Lucek.
Besta inguru bero batean izanki, Cafe Salud-eko nagusiak aitortzen du bestetan «ahalegin oso handia» egiten dutela. Bestak hasi aitzin buruhauste batzuk baditu tabernariak. Hala nola, lokalaren prestaketak eta edarien enkarguak garaiz «eta kopuru egokian» egitea. Behin bestak hasita «akabo kezkak, olatuak eramaten zaitu eta saiatu behar duzu onik ateratzen».
Iritsi da gure eguna!
Hori dela-eta, Jean-Lucek garrantzia handia ematen dio berarekin batera jaietan an egiten duen taldeari. Horren erakusle, argazkilariaren hitzordua finkatu nahian genbiltzala, hor ibili da ordutegia gora eta behera miatzen... ekipo guztia berarekin argazkian agertzea nahi duelako.
Jean-Lucek maite ditu bestetako txutxu-mutxuak. Baita betiko bezero eta bisitarien arteko «nahasketa bitxi horiek». Izan ere, bestak karrikan bizitzea faltan botatzen du. Alta, tunelaren bukaeran, horra argi izpia: igandea heldu da, azkeneko eguna, eta Jean-Lucek plan zehatza du. «Auzoekin, lagunekin, beste ostalariekin parranda egingo dugu».

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
