Jon LEUNDA
Sega

Gipuzkoakoaren errebantxa izango da Euskal Herrikoan

Jexuxmari Ormaetxea, Julen Gabirondo, Iban Pardo eta Jokin Etxeberria neurtuko dira bihar Asteasun Euskal Herriko finalean. Gipuzkoakoa Orendaingoak irabazi zuen, baina oso alde txikiak izan ziren.

Asteasuko Andazarrate auzoan dagoen Sarobe baserriko belardietan jokatuko da bihar eguerdian, 12.00etan, Euskal Herriko finala. Bertan Gipuzkoakoaren errepikapena edo errebantxa izango da, segalari berberak izango baitira lanean, eurek lortu baitute hemen ere finalean aritzeko txartela.

Julen Gabirondo, Jexuxmari Ormaetxea, Iban Pardo eta Jokin Etxeberria izango dira lehiatuko diren segalariak. Bakoitzak ordubete izango du lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du garaipena.

Gipuzkoako finala oso estua izan zen, 40 kilo eskasen barruan sartu ziren aurreneko hirurak. Orduan Ormaetxeak irabazi zuen, Gabirondo II.a izan zen bigarren eta Pardo hirugarren. Hiruren artean ikaragarrizko lehia izan zen, eta oraingoan ere ez da gutxiago espero. Orduan Etxeberria atzerago geratu zen, baina bera ere ez zen alde handiarekin azkena geratu; beraz, bera ere sartu beharko datxapela lortzeko lehia horretan.

Ikusmin handia piztu du final honek, eta eguraldiak laguntzen badu, jende asko izango da saioa ikusten. Euri pixka bat egingo duela iragarri dute eta horrek agian zerbait alda lezake; horrela bada, belarrak kilo gehiago izan ditzakeelako. Hala ere, denen artean ikaragarrizko alderik ez da ikusten eta irabazten duenak irabazi, ezingo da inondik inora ere ezustetzat hartu.

Orga jokoa

Gaur, 19.00etan jokatuko da Getxoko Itzubaltzeta (Erromo) auzoan, Maiatzaren 1eko plazan, Euskal Herriko orga jokoko finala. Bertan, Ousmane Drame, Jon Peter Scott, Alejandro Fernandez, Pierre Casuso eta Jerome Etxoinborde neurtuko dira. Bi bizkaitar, nafar bat eta bi lapurtar izango dira aurrez aurre. Barakaldon bizi den Drame senegaldarra eta Casuso lapurtarra dira txapela lortzeko bi faborito nagusiak. Hemen ere borroka espero da.