Jon LEUNDA
Sega

Gabirondo sailetan eta kiloetan nagusi izan da

Julenek beti gainean izan zuen Etxeberria, eta bien artean amaieran ez zen alde handirik egon.  

Gabirondo II.ak irabazi zuen atzo Euskal Herriko finala, eta Gipuzkoakoaren errepikapena bazen ere, ez zuen harekin zerikusirik izan, ez amaierako emaitzan eta ezta ere egon ziren aldeetan.

Asteasun jokatu zen atzoko finala, eta Gipuzkoakoa jokatu zen lekutik metro gutxira izan zen, eta Gipuzkoakoan aritu ziren berak jardun ziren. Denera 15 sail zituen segalari bakoitzak ebakitzeko, eta denera bakoitzarentzat 2.500 metro zeuden ebakitzeko. Lanerako ordubete izan zuten.

Hasieratik hartu zuten aurrea sailetan Gabirondok eta Etxeberriak. Biek parez pare jardun zuten zazpigarrenera arte, eta han Urnietakoak ihes egin zuen, nahiz eta Amasakoari ez zion alde handirik kendu. Haiengandik atzerago, baina ez oso aparte, Pardo geratu zen, eta atzerago, berriz, Ormaetxea. Orendaingoak ezin izan zion aurrekoen erritmoari jarraitu izan, eta berean aritu zen. Halere, Gipuzkoako txapeldunak belarra oso behetik ebakitzen du, eta beragan ere ia amaierara arte itxaropenak bazeuden. Gipuzkoako finalean ere sailetan besteak baino atzerago amaitu zuen, baina gero txapela beretzat izan zen.

Atzokoan, ordea, atzera geratu zen, eta amaieran sail eta erdiko aldea kendu zion Gabirondok, nahiz eta agian besteak baino beheragotik ebaki Ormaetxeak. Garbi zegoen alde handia zela, eta horrela izan zen amaieran. Orendaingoa txukuntasunagatik zigorrik jaso ez zuen bakarra izan zen, baina sailetan alde handia kendu zien. Gabirondok, aldiz, sekulako maila eman zuen. Hasi eta bukatu ia erritmo berean egin zuen, eta sailetan ere bera izan zen gehien pasatu zena. Berak, eta baita Etxeberriak eta Pardok ere, bederatzigarrena pasatu eta hamargarrenean ari ziren 60 minutuak bete zirenean. Zortzigarrenean, berriz, Ormaetxea. Hala ere, laurek sekulako lana egin zuten, eta denbora horretan denak erritmo handian aritu baziren ere, denek amaitu zuten oso ongi, zuten prestakuntza bikaina agerian utziz.

Gabirondok 3.761 belar kilo ebaki zituen. Atzetik sailkatu ziren Etxeberria (3.678,2 kilo), Pardo (3.479,5 kilo) eta Ormaetxea (3.360 kilo).