Jon LEUNDA
TRONTZA

Itsaso Ontsalo eta Mikel Eugi izan dira Euskal Herriko bikote mistorik onena 

Itsaso Ontsalok eta Mikel Eugik irabazi zuten atzo jokatu zen mistoen Euskal Herriko finala. Emozioa izan zen, oso gainean izan baitzituzten Alatzne Etxaburua eta Igor Esnaola, eta azkenean 54 segundoko tartea egon zen bien artean. Gainerakoak ere ez ziren izan oso aparte.

Garbi dago bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan oso bikote gutxik ematen dutela izena Euskal Herriko Txapelketarako, baina mistoetan, zorionez, dezentez gehiago dira, nahiz eta aurten iaz baino gutxiago izan diren. Bikote bakoitzak, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 15 epai eman behar izan zizkion.

Eugi eta Ontsalo txapela irabazteko faboritoen artean zeuden, eta ez zuten barkatu, hasieratik bukaerara oso lan ona egin baitzuten. Saiatu ziren Esnaola eta Etxaburua eurak estutzen, baina azkenean amore eman behar izan zuten. Lan guztiak burutzeko, 5 minutu eta segundo bat behar izan zituzten Eugik eta Ontsalok. Etxaburuak eta Esnaolak, berriz, 5 minutu eta 55 segundo eman zituzten. Podiuma Etxebarriak eta Kañamares V.ak osatu zuten, euren lana 6 minutu eta 28 segundoan amaituta. Atzetik, Izkue eta Kañamares IV.a (6.38), Egurrola eta Zubizarreta (7.33) eta Batirtze eta Arkaitz Ispizua (7.41) sailkatu ziren.