Kintoa sor-marka ezagutzera emateko egitarau oparoa izango da bihar Alduden
Estatu frantsesak euskal txerritik eratorritako Kinto sor-marka aitortu du eta Europaren onarpena ere gertu da. Lorpen hau ospatu eta aditzera emateko, ekitaldia antolatu dute bihar Aldude inguruko hazleek.

Iazko abuztuan eskuratu zuten AOC (Appellation d'Origine Controlée) labela Aldudeko txerri ekoizleek eta lorpena ospatzeko datorren igandean egingo duten ekimena antolatzeari ekin zioten, bi helbururekin, «jendeari sor-marka kontzeptua eta Kintoa zer diren ezagutaraztea», azaldu zuen Mixel Ozafrain Bankako auzapez eta Euskal Txerria elkarteko kideak.
Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean kokatzen den Kinto Sarea elkartea sortu bezain laster hasi ziren Estatu frantsesean AOC (jatorri-deitura kontrolatua) izenez ezagutzen den ezaugarria eskuratzeko txostena eratzen. 2001. urtean hasitako lanak orain ari dira bere fruituak ematen.
Aitortza eta errekonozimendua
Egun, Estatu frantziarraren aitortza bakarrik ez, Europako instantzietatik ere onespena jasotzera bidean da Kintoa sor-marka. Ozafrainen esanetan, «AOC eskuratzeko, Europako irizpide guztiak bete behar dira; beraz, normalean bata bestearen atzetik etortzen dira» .
AOC ezaugarria eskuratu zutenetik Kintoaren ezagupena nabarmen igo dela azpimarratzen dute txerri ekoizleek; izan ere, halako aitortza bat lortzea ez da batere erraza.
Ozafrainek honela esplikatzen zituen zailtasunak eta onurak: «Duela 30 urte erraz lortzen zen label hori, baina orain oso zaila da, frogatu behar da arraza aspaldikoa dela, lurrarekin lotura duela, egiteko manera berezia duela, eta zinez berezia den eta gustua duen aparteko zerbait dela. Bide luzea eta nekea da zinez, baina behin aitortza lortu ostean, jendearen errekonozimendua ere etortzen da».
Puntu gorenean
Jatorrizko izendapena Euskal Herriaz harago, Bearno eta Landetako eremuetara zabaltzen da, Kintoaren barrutiak, guztira, 231 udalerri biltzen dituelarik. Azken urteetan zinez indar handia hartu duen ekoizpena da, zeren 90eko hamarkadan dozena bat hazle baino gutxiago ziren, hamar urteren buruan hirukoiztu egin zen kopurua, eta egun, 75 hazle dira. Kontuan hartu behar da Hego Euskal Herrian ere badirela euskal txerriarekin lan egiten duten hazleak, oraindik label bat eskuratu ez duten arren.
Sektoreko langileek hazle kopuruak gorantz egingo duela uste dute. Aldiz, Ozafrainen iritziz, «Europako onespena lortu ostean ez da aldaketa handirik izango, zeren gaur egun AOC guztiak Europako oniritzia jaso behar dute (AOP), bestela sor-marka galtzen da».
Egitarau oparoa
Datorren urriaren 15ean, igandearekin, goizetik beren produktuak salgai izango dituzten lekuko ekoizleen merkatua izango da Alduden. Euskal txerri onena hautatzeko lehiaketa ere izango da, eta aldi berean, Kintoaren gaineko informazio anitz eskainiko dute. Besteak beste, Kintoaren historia, lan egiteko moduaren nondik norakoen berri ematen duten ikusgarriak, urdaiazpiko mozketa eta dastaketa postua izango dira.
Indarrak hartzeko bazkaria prestatzea sukaldari ezagunen lana izango da, eta horretan jardungo dira Aneth eta Cerfeuil, Iñaki Azpitarte, Cedric Baudour, Hneri Amestoy, Antoine Chepy eta Fabien Feldman.
Kintoak dituen onura elikagarrien berri emateko eta europaren aitortzak eskualdean izan dezakeen eraginaren inguruan hitz egiteko hitzaldia eta mahai ingurua izango dira. Hortaz, Kintoa sor-marka ardatz hartuta, izango da zer ikusi, entzun, eta eta jan, Alduden.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
