Urteroko olatua
Ez zuen irabazten onenak, ezta ongien lehiatzen zenak ere, bere gaitasunaren arabera ohikoa baino hobeto ibili zenak baizik. «Pitxalong» deitzen genuen gure artean antolatzen genuen txapelketa hura. Axelek, «Billabong» markako letrak erabiliz kartel bat egiten zuen, eta kasete batean edizio bakoitzerako aurkezpen hitzaldi bat grabatzen zuen. Lehiakideak epaile ginen, txapelketako babesle eta antolatzaile.
Garaileak, Xifloren ohorezko dantza jasotzen zuen, gainontzekoak txistu eginaz agur abestiaren notak markatzen saiatzen ginen artean, eta amaieran, dantzari, ikusle, lehiakide eta abeslari, txapeldunaren aurrean makurtzen ginen, garaipen hura baino gauza ohoretsuagorik existituko ez balitz bezala. Txapelketa xume baina handi hura helburu bat zen bere baitan. Pitxalong, gure hondartzatik mugitu gabe, surfak eskaintzen dituen zirrikituetan zehar bidaiatzeko bitartekoa zen.
Bidaiatzearen inguruan hamarnaka artikulu idatzi ahal izango nituzke, baina gaurkoan hiru gauza bakarrik azpimarratuko ditut. Lehena, garrantzirik gabeko egiaztapen bat. Motxilarekin bidaiatzen dutela dioten horiek kontatzen dizueten guztia gezurra da, egiten duten guztia maleta batekin berdin-berdin egin ahal izango bailukete, eta gainera herritik kanpo ez da inor aldatzen, herrian tristea dena atzerrian ere tristea baita (ez dezala esan han urruti pertsona alaia zenik), herrian gau bat etxetik kanpo pasatzeko edo autoan lo egiteko gai ez dena, atzerrian are eta gutxiago, eta abar, eta abar,...
Bigarren eta hirugarren puntuak garrantzitsuagoak dira. Gehienek norabait iristeko bidaiatzen dugu (maleta edo gezurren motxilarekin), eta beti daramagu etxera itzultzeko aukera izateak ematen duen «lasaitasunaren zama» soinean. Oso gutxi dira egiazko bidaiariak. Bidaiatzea bera helburu dutenak, ez dutenak bidaiatzen helmugara iristeko, joateko baizik.
Esan bezala, Pitxalongek ez zuen helmuga jakin bat, txapelketa bera zen helburua. Urteen poderioz ordea, aspertzen hasi ginen, garaiak, materiala, surf mundua eta gu geu ere aldatzen ari ginelako, eta momentu batean azken edizio batekin amaitzeko garaia iritsi ote zen eztabaidatzera iritsi gabe urtu zen gure bidaia-trena. Ez genuen aparteko hutsunerik sentitu, baina bidaia haren esperientziak bestelako hodeiertzak marraztu zituen gugan.
Bidaien adibideari lotuta, oso garrantzitsua da zerbait egiten hasi aurretik zein perspektibarekin abiatu behar dugun zehaztea. Bidaiak helmuga jakin bat izango duen edo, bidaia bera, bide eta helmuga izango den. Pasa den abenduan Parisera egin zen martxak esaterako, helmuga jakin bat du eta bide batek balio ez badu beste batetik saiatuko da, horregatik ez da errepikatuko argien hirian egin zen mobilizazioa. Bilbokoak ere hastapenetan zentzu bat zuela zirudien, baina denborarekin, Pitxalongeko txapelketa bezala, urtzen joateko arriskua du, baldin eta helburu zehatz eta lorgarriak ezartzen ez badira. Argi dago, ordea, Bilbokoa mobilizazio hutsal bat ez dela, beraz, errepide hobeagorik topatzen ez dugun artean, jarrai dezagun dagokigun errailean. Aitzakiak alde batera, aurten ere urteroko olatu bera hartzea tokatzen da.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»
