Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Utopia

Nabigazio mapen margolaria Magallaes itsasartearen mapa margotzen ari da. Emazteak eskatu dio lurralde bat margotzea berarentzat. Margolariak uharte bat eskaini dio urrutiko lurralde hartan, geroago munduko marinel eta abenturazale guztiak bilatzen saiatuko direna. Beharbada, uharte misteriotsu eta fantastikoa bilakatuko da itsas pertsonen irudimenean. Eta istorio harrigarrien iturri. Margolari hark zenbat lurralde fantastiko ez ote zituen mapetan margotu, emaztearen maitasunari zor?

Alonso de Santa Cruz kartografoak “El yucatán e islas adyacentes” mapa margotu zuen 1539an. Bertan Bermeja uhartea ageri zen, Alonso de Chaves idazleak, 1540an, lur multzo gorrixka gisa definitu zuena. 2009. urtean, zituzten koordenatuei jarraituz, espedizio bat abiatu zen Bermeja ikuskatzera. Ez zuten aurkitu. Ez zen existitzen. Tomas Morok asmatu zuen, beharbada, historian asmatu den ezleku ezagunena. Utopia uhartea jendarte desiratuaren eredua bihurtu zen, eta horregatik hain zuzen, deskubritu ezina. Ezleku bat da, baina gure irudimeneko mapetan ageri da, gure abiatzearen zain. Inork ez daki zein itsasbide hartu beharko den; koordenatuak ezezagunak dira. Baina hor ageri da, gure zain. Hamaika dira abiatu izan direnak eta berriro itzuli, arrastorik aurkitu gabe. Baina istorio harrigarriak kontatu dituzte, aurpegia argitzen zaie bidaia gogoratzean. Entzuten duenak Utopiarantz abiatu nahiko du, ezlekura. Margolariaren emaztearen irlara. Irla gorrixkara. Gure mapetan nabigatuz.