A.G.
EMAKUMEEN LIGA

Koparen etena baino lehen irabazi nahian

Datorren asteburuan Kopa dela-eta Dia Emakumeen Saskibaloi Liga geratu egingo da. Bada, gaur eta bihar ospatuko da eten honen aurreko azkenengo jardunaldia. Gaur arratsaldean, Zamorako Quesos el Pastor taldearen kantxan jokatuko du IDK Gipuzkoak 18.00etan; ordu laurden geroago, Araskik Bierzoko Bembibre taldea bisitatuko du. Bihar, berriz, Gernika Bizkaiak Zaragozako Mann Filter arriskutsuaren etxetik sartu-irtena egingo du, 12.15ean.

Jardunaldiari ekiten aurrena, beraz, IDK Gipuzkoa izango da. Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak Kopa jokatu aurretik azken saioa izango du gaur arratsaldean. Itxuraz bederen, beste garaipen bat eskuratzea ez da ezinezkoa, eta ederto letorkioke gainera. Izan ere, IDK Gipuzkoaren helburua Liga Erregularra aurreneko sei postuetan amaitzea da, eta horrela Ligako titulua eskuratzeko play offetarako sailkatzea. Gipuzkoarren aurkaria, berriz, maila mantendu ezinik ari da. Azken-aurrekoarekin berdinduta dago, hamabost jardunaldiren ostean bi garaipen baino ez dituela.

Hala ere, Azu Muguruza, donostiarren entrenatzailea, ez da aurkariaz fio. «Lehen itzulitik asko hobetu den taldea da. Azken partidetan etxean ongi dabil, eta garaipena lortzeko moduan izan ez arren, asteburu honetan lortu nahiko dute», bota zuen astero egin ohi duen prentsaurrekoan.

Zamorakoen jokalari arriskutsuena Brianna Butler antolatzailea da, IDK Gipuzkoako jokalari ohi Giusela Vega pibota ahantzi gabe. «Kopari sendo ekiteko lortu nahi dugu garaipena», gaineratu zuen Muguruzak.

Araski, bolada txarrean

Nahiago luke Araskik ere, iaz egin zuen moduan, Koparako sailkatuta balego. Baina azken orduan lehia horretatik at geratu ostean, burua altxatu ezinik jarraitzen du.

Bembibreri bisita azken bost neurketetatik lau galduta egingo dio Araskik. Zazpi garaipenekin, ez hotz ez bero, sailkapeneko hamargarrena da Made Urietak zuzentzen duen taldea; Bierzoko taldea, bost partida irabazita, hamaikagarren doa. Bada, behera begiratu beharrean bideari gorantz berrekiteko nahitaez garaipena lortu beharko dute gasteiztarrek.