GARA
ASTIGARRAGA

Txotx garaia hasi da, sagar uzta «historiko» baten ondotik

Alberto Iñurrategi mendizaleak eman zion atzo hasiera aurtengo sagardo garaiari, ekoizleek nabarmendu zutenez, sagar uzta «historiko» baten ondotik. Hamabi milioi litro ekoitzi dituzte Euskal Herrian; zuku «arinagoa» eta «orekatuagoa» lortuta.

Sagardozaleak zorioneko daude, txotx garaia martxan da Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako sagardotegietan. Atzo egin zuten Astigarragako Gurutzeta sagardotegian irekiera ekitaldia, denboraldiaren hasiera ofiziala, Alberto Iñurrategi mendizalearen eskutik. Usadioari jarraituz, «gure sagardo berria» lemaren atzetik etorri zen lehenengo txotx ofiziala.

Iragan berri den urteko uzta «historikoa» izan dela nabarmendu dute ekoizleek. 250 hektarea eta 200 sagar ekoizle baino gehiagoren sei milioi sagar inguru erabilita, guztira 12 milioi litro sagardo ekoitzi dira Euskal Herrian. Horietatik %30 bertako sagarrarekin egindakoak eta Euskal Sagardoa jatorri deiturakoak. Guztira, 48 sagardotegik egin dute Euskal Sagardora bideratutako sagardoa; Gipuzkoako 41ek, Bizkaiko bostek eta Arabako bik.

Zukuari dagokionez, aurreko urteetan baino kolore arinagoa du sagardoak, lastoaren tankerakoa. Usaimenean «oso garbia» dela ere azaldu zuten ekoizleek: «Lehendabiziko sagarrekin egindako sagardoek fruta freskoaren usaina dute eta uztaren erdialde nahiz amaierako sagarrekin egindakoek fruta usain helduagoak dituzte».

Era berean, upeleko hartzidura ondo egin denez, «karboniko maila ona» duten sagardoak direla adierazi zuten. Emaitza, «oso sagardo orekatua».

Nazioartera begira

25. Sagardo Berriaren Eguneko protagonista izatea ohoretzat hartu zuen Iñurrategik eta gogoz bete zituen urtero ospakizun honen bueltako tradizioak. Hala, txotx egiteaz gain, sagarrondo bat ere landatu zuen mendizaleak Sagardoetxea museoko sagastian.

Ekitaldian izan ziren ondorengo hauek ere: Zorione Etxazarraga (Astigarragako alkatea), Bittor Oroz (Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea), Denis Itxaso (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua), Ainhoa Aizpuru (Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatua), Maider Echevarria (Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria), Unai Agirre (Euskal Sagardoa jatorri deiturako gerentea) eta Egoitz Zapiain (sagardogileen bozeramailea).

Aurreko urteetan protagonista izandakoak ere gonbidatu zituzten, hala nola Andoni Egaña bertsolaria, Jose Luis Korta arraunlaria, Andoni Luis Aduriz sukaldaria, Abraham Olano txirrindularia, Javier Clemente entrenatzailea eta Periko eta Mikel Alonso futbolariak.

Ekitaldia 2018 honetan Sagardoaren Lurraldea ekimenak dituen erronkak azaltzeko ere baliatu zuten. Horien artean daude Sagardoaren Norakoen Nazioarteko Sarea sortzea, «kalitatezko txotx esperientzia» lortzea, sagardoaren elaborazio prozesuarekin loturiko ekitaldiak gauzatzea eta sagardotegien produktuak ezagutzera ematea. Norabide horretan azken urteetan egindako urratsak ere azpimarratu zituzten, horien artean nazioarteko eragileekin harremanak zabaldu izana.