Idoia ERASO
BAIONA

Bigarren urtez Euskal Museoak bisitarien errekorra gainditu du

Baionako Euskal Museoak 62.121 bisitariri egin zien harrera joan den urtean. Udako behin-behineko erakusketek hein handi batean lagundu dute horretan, eta aurtengo izarra izanen den Gaur artista taldeari buruzko erakusketa prestatzen ari dira jadanik.

«Urte bikaina izan zen 2017a Euskal Museoarentzat. 2016an ‘Bake Itunak’ erakusketari esker izan zen arrakasta hein handi batean, eta 2017an‘Tromelin-Esklabo ahantzien uhartea’-ri esker», nabarmendu zuen Jean-Claude Larronde erakustokiko presidenteak. Bigarren urtez segidan 60.000 bisitariren muga gainditu da, 1924an sortu zenetik izan den bisitari kopururik handiena bilduz.

«Erakusketa garrantzitsu bat baldin badago bisitarien kopuruak gora egiten du», azaldu zuen Yves Ugalde Baionako Kultura zinegotziak. Kopuru on horrek lotura estua du hirugarren hiruhilekoan aurreko urtearekin alderatuta izan den %47ko igoerarekin, hau da “Tromelin” erakusketarekin. Horrekin batera, maiatzaren 20ra arte ikusgai den “Elkarren eitea. Agaramont bildumako haurrak” esposizioaren balizko ahalegina ere aipatu zuten. Olivier Ribeton erakustokiko kontserbatzaileak azken ekimen horri buruz zera gaineratu zuen: «Bertan agertzen den bilduma garrantzitsua da ikuspegi historikotik, baina baita artistikotik ere. Lan handia egin dugu, eta hainbat potreten egileak identifikatzea lortu dugu».

Museoaren eskaintzaz gain, beste arrazoi batzuk ere badaudela nabarmendu zuten erakundeko arduradunek. Ipar Euskal Herrian izandako turismoaren gorakada da horietako bat, baina baita euskal bisitariengana heltzeko egindako indarraren emaitza ere. Bestelako ekimenak ere antolatzen dira erakustokian, Baionako bizitza sozialean gero eta toki gehiago hartzen ari delarik. «Proiekzioak, kontzertuak, aurkezpenak... anitz gehiago egiten ditugu, eta gero eta gehiago izatea espero dut», baieztatu zuen Rafa Zulaika, museoko zuzendariak.

Erakunde eta eragile ezberdinekin irekitako elkarlana ere azpimarratu zuten bisiten igoera azaltzeko. Biarritzeko Herriko Etxearekin, Eusko Ikaskuntzarekin, Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskal Etnopoloarekin hitzarmen eta elkarlanak abiatu dituzte, besteak beste.

2018a urte aberatsa

«Abiatu dugun lanak 2018an jarraipena izanen du, museoa ezagutzera eman nahi dugu, eta berriz ere jendearen ‘radarretan’ agerrarazi», adierazi zuen Larrondek. Eta zuzendariak gaineratu zuenez, «programa oso aberatsa izaten jarraituko du, gure ikuslegoa fidelizatzeko».

Udako erakusketa handia prestatzen ari dira jadanik, eta “Gaur, erresistentzia artea” behin-behineko izenburuarekin artista taldearen lanak erakutsiko dira. Donostian 1966. urtean sortu zen Gaur taldeko kideen eskulturak eta margoak izanen dira: Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Amable Arias, Rafael Ruiz Alberdi, Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta eta Jose Antonio Sistiaga. «Baina bertan ez dira soilik artista handien lanak erakutsiko, baina frankismoaren garai zail horretan zeuden hizkuntza, dantza, elkarte mugimenduak ere erakutsiko dira, horretarako bideoak eta agerkariak izanen dira, besteak beste», azaldu zuen Zulaikak.

Frantziako Tourrari buruzko erakusketa ere antolatu dute ekainaren 30etik uztailaren 26ra. Aurten Senpere eta Ezpeleta artean eginen den etapa Euskal Herrian eginen den 40.a da, hori dela-eta argazkiak, bizikleta zaharrak eta maillotak izanen dira bertan. Bestalde, Lehen Mundu Gerraren bukaeraren mendeurrena ospatuko da aurten, eta armistizioa sinatu zen azaroaren 11ren inguruan erakusketa bat ere antolatuko dute.

Behin-behineko erakusketon bitartez euskal bisitariak erakartzeko oraindik «merkatu tarte handia» dagoela erran zuen Zulaikak, hori dela eta aurten hamar bisitarako txartela eskainiko dute, proba gisa.

 

Maskaradei buruzko erakusketa Hebentik kolektiboaren eskutik

“Maskaradak eta buhameak, edo tziganoen lekü axolagabea Europako ohiduretan” izena du Zuberoako Hebentik kolektiboaren eskutik Euskal Museoan otsailaren 8ra bitarte ikusgai izanen den erakusketak. Eliane Heguiaphalek eginiko hamabost argazkiek, Helene Jacquelotek eginiko maskaraden pertsonaien eskultura edo panpina txikiek eta ekimenaren ardatz den gaiari buruzko informazioa eskaintzen duten bi ordenagailuk bat egiten dute bertan.

Erakusketaren izenburua eta oinarrizko informazioa Nicole Lougarotek gaiari buruz egindako ikerketan oinarritua da. 2009an Gatuzain argitaletxearekin argitaratu zuen “Bohemiens” liburuan maskaradek ijitoen eskutik Europan zehar dauden beste festa batzuekin bat egiten duela agertzen du. Horri buruzko mintzaldia eskainiko du Lougarotek museoan otsailaren 1ean.

Ohituraren edertasuna erakusten duten adierazpen artistikoez gain, bere jatorria ulertzeko informazioa eskuratzeko bi ordenagailu jarri dituzte. Bertan Hebentik kolektiboko webgunean maskaradez mintzo den tartea ikusten ahal da.

Erakusketa maskaraden garaiarekin bat eginez antolatua izan da. Sasoia abiatua da muskildiarren eskutik, lurraldeko hainbat herritan zehar ibilbidea egiten ari da, apirilaren 22an herrian berriz bukatu arte. Igande honetan Atharratzen ospatuko dute inaute festa. I. E.