Arantxa MANTEROLA

ANGELUKO IKASLEEN HUMAN’ISA ERRONKAK ELKARTASUNA LOTZEN DU JAKITURIAREKIN

Karrera bukaeran daude eta bidaia berezi bat prestatzen. Ez, ordea, aisialdi edo opor kutsukoa. Angeluko ISA-BTP fakultateko 56 Ingeniaritza ikasleko taldea Tajikistanera doa, ikasitakoa praktikan jartzera. Eskola bioklimatiko bat eraikiko dute bertan... bost astetan!

Erronka ez da nolanahikoa eta esan gabe doa halako epe murritzean gauzatu ahal izateko, aurrez prestaketa eta antolaketa lan itzela egitea ezinbestekoa dela. Aurreko promozioek urratutako bide beretik ekin diote Geres gobernuz kanpoko erakundearen egitasmoari. Eraikuntza eta Obra Zibilaren Akitaniako Goi Mailako Unibertsitateko (ISA-BTP) Angeluko Eskolan tradizioa bilakatu da ikasketa amaierako urtean antzeko proiektu humanitarioei ekitea. Aurtengoa hamahirugarrena da.

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen gerizpean dagoen Ingeniari Eskola hau hasieratik bukaeraraino proiektu bat bideratzen duen bakarra da Estatu frantsesean: «Badira beste batzuk proiektu humanitarioetan lan egiten dutenak, baina ekipo edo talde txikiak dira eta ez dute, gu bezala, osotasunean lantzen, hau da, kontzepziotik eraikuntzaraino», azaldu du Orianne Grand, Human’ISA XVIII elkarteko komunikazio arduradunak.

Norabide horretan, duela urtebete jada 18. promozioko ikasleok elkarte berezia −Human’Isa XVIII − sortu zuten, zuzendaritza taldeaz eta bost batzordez osatua. Izan ere, kontzepzio teorikoaz harago, erpin guztiak beren gain hartu behar dituzte: materialaren erosketa eta garraioa, eraikuntzarako herrialdean izango diren bitartean logistika kontu guztiak, gastuei aurre egiteko dirua lortzea... Proiektuaren nondik norako guztiak aurkeztu zituzten ostegun arratsean Angeluko fakultatean baina hilabeteak daramate lan horietan.

Berealdiko egitasmoa Tajikistaneko Mingijar herrian gauzatuko dute, Rudaki eskualdean. Han hotz handia eta lurrikara asko izaten direnez, ezaugarriotara egokitutako eskola bioklimatiko eta parasismikoa egingo dute, 200 bat ikaslerentzat, 6 gela eta 8 komunekin. Eremu berean bi eraikin daude egun, oso egoera txarrean eta ikasle guztientzat lekurik ez dute. Ikasle angeluarrek egingo dutenaren ereduari jarraiki, bertakoek biak bota eta berriak eraikiko dituzte gerora.

Aspektu teknikoak (material egokienen hautaketa, egitura, ura berreskuratzea, berotzeko sistema, isolamendu termiko eta akustikoa...) zehaztasunez azaldu zituzten Amaiur Oillarburuk eta Lucas Pinillak. Bide batez, eraikuntza errazteko berariaz hainbat prototipo egin dizkieten artisauak eta soldatze, elektrizitate edota igeltserotza lanetan trebatzeko eman dieten laguntza –esaterako, gertu duten Cantau lizeoko ikasleak edota Compagnon du Tour de France eskulangile aprendizen erakundeak– eskertu zuten.

Logistika kontuetan ere ezin dute «erdizka ibili», Amanda Darty batzorde horretako arduradunaren esanetan. 56 lagun gehi «badaezpada ere» lagunduko dieten bi erizain boluntarioren joan-etorria, beraiekin eramango duten 750 kilo material, baimen administratiboak, txertoak, hotzari aurre egiteko ekipamenduak, egonaldia bera, janariak, lo egiteko lekuak, edango duten ura potabilizatzea eta abar luzea aurrez prestatu dituzte. Eta, jakina, hori guztia finantzatzeko dirua ere lortzeko lanak ez dira makalak.

167.500 euro, 5 aste

Proiektua, orotara, 167.500 euro kostatuko dela kalkulatu dute. Horietatik, erdia materialean joango da eta %40 bat logistikan. Momentuz 110.000 € osatu dituzte eta «agindutako ekarpenak eta oraindik egin daitezkeenak www.humanisa.net gure webguneko jarraibideak segituz» metatuko dituzte. Ekarpenak iturri askotarik eratorriak dira: enpresa eta partikularrak (%39), erakunde publikoak (%18) −«milesker handi bat guztiei», dio Raphael Plegue diruzainak− eta zati handiena (%43) beraiek ekimen propioekin lortutakoa kantaldiak antolatuz, errugbi partidetan lan eginez, mahatsa eta Ezpeletako biperrak bilduz edota Junior’ISA eskolako egitura pedagogikoak egiten dituen hainbat lanen bidez.

Prestaketa urte honetan beste egiteko bat ere izan dute. Planaren berri ematea eta, batez ere, «berau gidatzen duten oinarrizko balioak transmititzea, hots, elkartasuna, elkar laguntza eta partaidetza», Lea Weissberg presidenteak nabarmendu zuen bezala.

Zio horrekin artista, kultur talde eta eskola mordoan izan dira eta baita erantzun bikaina erdietsi ere eskolako materialaren bilketen bidez, hango umeentzat helarazi dizkieten marrazkiekin edota beren egitasmoa babesteko antolatu dituzten ekimenetan lortutako dirua emanez.

Telebistetan orain egun gutxi Txina aldean eskolara ilea erabat izoztuta iritsi zen mutikoaren irudiari aipu eginda, Orianne Grand komunikazio arduradunak ederki asko laburtu zuen bera eta bere ikaskideak bultzatzen dituen leitmotiv-a: «Finean, haur guztiek, era duinean, jakintza eskuratzeko aukera izatea».

Angeluko ikasleek ia-ia dena prest dute eta falta zaiena laster izan beharko dute, martxoaren 2an Mingijar aldera abiatuko baitira. Han gauzak antolatze aldera bi aste lehenago aurrea hartu dieten bost ikaskideekin juntatuko dira. Apirilaren 9an itzuliko dira denak, seguru asko oso nekatuta, kilo batzuk utzita eta materialaren zamarik gabe. Baina bitarte horretan egindako lanaz, ezagututako jende eta parajeez eta bizitako eskarmentuaz asebeterik.