Jon GARMENDI TXURIA
Idazlea

Pantxinen txerria

Txerria hil dugu aste honetan Urruñan, Pantxin eta Estebenen etxaldean, ilargi berriaren magalean. Estebenek 85 urte ditu, eta Pantxinek 79, mimoz zaindu eta elikatu dute 210 kiloko animalia ia urtebetez, haien seme Mixelek kontatzen zigun bezala «bat gehiago zen etxean». Oroitzen dut umetan gure baserrian ere hiltzen zela txerria, festa egunak izaten zirela haiek, elikaduraren kultura eta ohitura zaharren hari luze bat, baina batez ere urdearen garrasiak oroitzen ditut, anaiak elkarri belarriak estaliz egoten ginela txerriari gantxoa sartzen zitzaion momentutik, tiraka, ia arrastaka eramaten baitzen harekin hilkutxaraino. Urruñan ez zaio gantxorik sartzen, atzeko hankak sokarekin lotu, lasto fardoak eta belar onduak kargatzeko erabiltzen den traktore batekin buruz behera eskegi eta Xarlo Etxebeste txerri-hiltzaileak ganibeta sartu zion gu ohartzerako. Odolustuta hil zen txerria, Xarlok barreinuko odolari eskuekin bueltak ematen zizkion bitartean. Odolki beltzentzako odol gorria litroka. Iratze lehorrekin erre zuen gero, azala urratu eta urarekin garbitu zatika mozten hasi aurretik. Teknika du, ohitura, urtean 40 bat txerri hiltzen baititu. Pantxin ez zen ikusten egon, Esteben bai, etxekoandreak gogorregia zela aitortu zidan, berak hazi baitu, janarien soberakinak emanaz eta anitz maite zituen «legumeak». Goiz eta arrats joaten zela harengana, belarri batean goxa-goxa egiten ziola, eta bestea eskaintzen ziola txerriak fereka egin ziezaion. Natura hala dela, bizitza, ulertzen duela, baina sekulako tristezia antzeman nion begietan. Odolkiak jaten hasi, eta Pantxinen begi umelak ikusi ditut berriro. Kostako zait jatea.