Idoia ERASO - Maia Muruaga
BIARRITZ
Interview
ELSA OLIARJ-INES ETA OIHAN OLIARJ-INES
DOKUMENTAL ZUZENDARIA ETA MUSIKARIA

«Zuberoako kantoreetan badira ahaire basak, salbai eta oihanekoak»

Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Festibalaren 31. edizioa atzo abiatu zen Biarritzen. FIPA abiatzeko publikoaren sarirako hautatua izan den «Les Airs Sauvages (Basahaideak)» dokumentala aurkeztu zuten atzo. Oliarj-Ines anai-arrebek Zuberoako tradizioan garrantzi handia duten basahaire edo mendiko doinuen inguruko ikus-entzunekoa osatu dute, kantari ezagunen parte hartzearekin.

Itsasbazterrean dagoen Biarritzeko Kasinoan aurkeztu zuten atzo Zuberoako bortuetara eramaten duten kantoreei (kantu) buruzko ikus-entzunezkoa. Mendian kantatzen ziren tradizio zaharretako doinuak egungo musikarekin elkartzeko proiektua aurkezten duen dokumentalak harrera beroa izan zuen.

Basahaireak ezagutzeko parada ematen duzue. Dokumentala egin baino lehen eta ondoren musika horren inguruan zenuten ideia aldatu egin da?

Elsa Oliarj-Ines: Segur ez genuela egiazki ezagutzen zer zen basahaire bat hasi ginelarik; Mixel Etxekopar, Jean-Mixel Bedaxagar eta Maddi Oihenart ikustez eta mintzatzez, konprenitu dugu hobe zer den. Nik maite dudana da egiazki zuberotar kantu bereziak direla, kantoreak hitzik gabe. Maite dudana ere da Maika Etxekoparrek dokumentalean erraten duena: badira basahaireak, baina badira ere zuberotar kantoreetan ahaire basak. Zuberotar kantoreak pixka bat basa dira, dituen bi definizioetan, bata salbaia eta bestea oihanekoa; horretan uste dut egiazki filmak atzematen duela bere historia.

Oihanek egindako proiektuaren bitartez zuberotar kantagintzan murgiltzen zarete. Zein izan da proiektuaren xedea?

Oihan Oliarj-Ines: Nik nahi nuen nire bi musika munduak elkar juntatu, eta ideia zen omenaldi baten egitea zuberotar kantoreei eta kantariei; egiazki aberats dira basahaireak, baina besteak ere bai. Entseatzea elkarri irakasten, bai zuberotar kultur munduari musika modernoa eta bai, bertze zentzuan, irakastea zuberotar kantoreak eta kultura musika garaikidearen munduari.

Dokumentalean agertzen diren kantari zuberotar ezagunak frantsesez aditzea bitxi egiten da. Zergatik hautatu duzue frantsesez egitea?

E.OI.: Ez da hautu bat, egin ditugu elkarrizketa anitz, zeren proiektuak hiru urte hartu ditu. Gure etxean ez dugu euskara ematen, gure aita eta ama Paris eta Okzitaniako Tolosakoak dira. Guk egiazki ez dugu hautatzen euskaraz edo frantsesez aritzen bagara, horrela egiten da. Bi munduetan bizi gara.

Elkarrizketak oren bat hartzen badu, euskaraz mintzatzen ari gara eta bat-batean frantsesez hasten gara, eta hor elkarrizketaren urgentzia duzu. Zenbait aldiz aski zorrotz mintzatzeko edo zehatz izateko frantsesera joaten gara. Egia da Niko Etxartekin frantsesez ari garela, Maika Etxekoparrekin eta Maddi Oihenartekin euskaraz.

Ze artista agertzen dira dokumentalean, eta zergatik izan dira hautatuak?

O.OI.: Denak zuberotarrak dira. Ideia zen denetarik ukaitea, zaharrak, gazteak, neska, gizon, profesional edo ez batere. Gero hautatuak izan dira maite ditudan kantariak eta jendeak, nire lagunak, eta gero “starrak”: Maddi Oihenart, Mixel Etxekopar, Jean Mixel Bedaxagar edo Niko Etxart. Ideia zen omenaldia egitea zuberotar kulturari eta kantuei, hoberenei galdetzea, baina orori. Horrela ukaiten dugu amiñi edo irudi bat oraingo zuberotar kantoreaz.

Zuberoan janeko aurkeztu duzue lana, nolako harrera eta oihartzuna izan duzue?

E.OI.: Uste dut orain badakitela. Jiten dira gure lana ikustera eta ukan ditut hitz anitz errateko omenaldi eder bat dela, eta Oihanek errespetatu duela zuberotar kantariak eta kantoreak eta uste dut jendearendako inportantea dela.

Lanean ere ikusten da, Oihan, hori zenuela kezka nagusia.

O.OI.: Nire beldur nagusia ere bai, zeren ez gara odolez euskaldunak, eta ber denboran zerbait txar eta on da. Txar, zeren eta ez da erraza Euskal Herrian sortzea eta bizitzea ez izanik egiazko euskalduna, beti xerkatzen dugu nola izan euskaldunak. Baina ber denboran, ausartzen ahal gara, zeren eta ez dugu ber presionea, ez dugu aita edo ama, aitañi edo amañi guri aiduru.

E.OI.: Biok maite dugu jadanik hor den materiala hartzea gure sorkuntzen egiteko. Zuberoan handiturik guretako izugarri inportantea da, horretarako nik dokumentalak egiten ditut, eta Oihanek nahi zuen Zuberoako kantoreetatik bere musika egin.

Basahaireak Zuberoako ohitura zaharraren parte dira, eta zuen ekarpenak modernoak dira. Zuekin lan egin duten artistek nola hartu dute?

O.OI.: Aski ongi hartu dute, Mixel Etxekoparrekin dokumentalaren bukaeran ikusten den "Belatxa" basahairea ematen du txirularekin. Erran zigun maite ukan zuela moldaketa hori.

E.OI.: Egia da Jean Mixel Bedaxagarrek ez zuen nahi grabaketa egin "Belatxaren" gainean, baina hala ere erran digu anitz maitatu zuela filma. Dena erran diegu, egiazki erran diegu entseatu nahi genuela eta beraiekin entseatu nahi genuela, ea ados ziren edo ez entseatzeko, horretan bai interesatu dira entseatzeko. Eta gero untsa bada edo ez, publikoaren afera da. Gure lana da entseatzea, proposatu gure ikuspuntua, hori dugu emana.

O.OI.: Egiazki inportantea da ulertzea ez dudala pretentzioa pentsatzea hori dela zuberotar musika edo euskal musikaren geroa, baizik proposamen bat. Proiektu bat da eta izugarri laket eta kontent naiz, zeren eta lortu dugu zerbait elkarrekin, baina lehena naiz pentsatzen zuberotar kantoreak ederrago direla a capella, mendian.

FIPAn publikoaren saria eskuratzeko hautatuak izan zarete.

E.OI.: Nire filmekin ez naiz sekula festibal batean izan, horrendako izugarri laket naiz, arrisku handi bat hartu baitugu denek, produktoreek ere bai, zeren eta ez da aise sosak atzematea, eta ez zen aise albuma egitea. Horrendako FIPAn izateak on egiten du arriskua hartzea.

"Haien gaztaroan iragana bada" dokumentala egin zenuen lehenago, eta dirudienez trilogia osatzeko hirugarren bat ere egiten ari zara, Elsa.

E.OI.: Hasi naiz proiektu bat egiten ikastolako haurrekin. Aurten izanen da laugarren urtea hasi nintzela filmatzen, eta ideia da segitzea horrela, denbora luzerako proiektua da. Beti ber galderak pausatzen ditut, haur ttipi-ttipiekin: Nola izaten gara gu? Nola da gure nortasuna? Nola egiten dugu?