«Etxean jokatzea da alde daukagun gauza bakarra»
Zarauztarrak zortzigarren denboraldia du Bera Beran; bigarrena, kapitainaren besokoarekin. Bere erantzukizun edo helburuen artean taldearen filosofiari eustea eta gazteenei «une oro» irakastea daude. Zuazoren bisita jasoko dute gaur, eta hasieratik indartsu atera behar direla ohartarazten du. Rocasa, liderra, bi puntura izanik, ezin dute hutsik egin bizirik jarraitzeko.

Lesionatuen osatzeak «neguko fitxaketa onenak» izan direla onartzen du Menendezek (1991), Berasategik defentsa lanetan piztutako harridurarekin batera. Lehia guztiak irabazteko prest daudela baieztatu du, duela bi denboraldi bezala, ezustean liga irabazteko asmo tinkoarekin.
Nola ikusten duzu taldea?
Oso motibatuta dago. Liderra bi puntura dago eta, orain bai, gure esku dago. Guztia irabaziz gero, liga gurea izango da. Horrek motibazio puntu bat gehiago eman digu eta taldeak helburu hori buruan bueltaka dauka.
Guardesek Rocasari irabazi izana ospatu zenuten?
Beti esaten da ez zaiela aurkariei begiratu behar, bakoitzak bere buruari erreparatu behar diola. Baina behin guk gure neurketa irabazita, egia da poztu egin garela Rocasaren porrotarekin. Guri ondo datorkigulako, horrela bi puntura jarri ginelako. Eta hemendik aurrera, guk gurearekin jarraitu, guztiak irabazi eta Rocasak huts egiten badu ongi etorria izango da.
Neguko atsedena onuragarria izan da?
Bai. Defentsan arazoak genituen, ez ginen aurreko urteetan bezain indartsu eta ondo etorri zaigu defentsa finkatzeko. Azken neurketetan ikusi dugu gol gutxiago jaso ditugula.
Gol gutxiago jaso bai, baina erasoan ez zabiltzate hain fin.
Elxen asko huts egin genuen. Eskerrak gure defentsa sendo ibili zela, baita Merche [Castellanos] ere. Egia esan, badirudi defentsan ondo gaudenean erasoan trabatzen garela. Orain, defentsa ondo daukagula, badakigu zer hobetu behar dugun.
Zer da garrantzitsuagoa?
Bera Beraren filosofia beti izan da gogor defenditzea eta kontraerasoak baliatzea. Hori galdu gabe, iruditzen zait eraso posizionala pixka bat gehiago landu behar dugula. Kontraerasoa hainbeste baliatu ezin dugunean, beste aukera hori edukitzeko.
Gaur, Zuazoren aurkako derbia.
Beraien aurka jokatutako azken lagunartekoetan nahiko maila ona erakutsi du eta gaurkoa antzekoa izango da. Lehen alde handiagoa zegoen, baina aurten talde ona osatu dute eta lehia oso parekatua irudikatzen dut. Etxean jokatzen dugula izan daiteke alde daukagun xehetasun bakarra.
Fitxaketa asko egin ditu. Gehiago espero zen?
Agian, denboraldi hasieran nortzuk fitxatu zituen ikusita, bai. Nik uste nuen goialdean ibiliko zela, baina denboraldia luzea da eta galdutako puntuak berreskuratzeko garaiz dabil. Gainera, gaurkoan ziur sailkapena ahaztuko dutela.
Euskal Kopako finalean Ainhoa Hernandez nahiko erraz aurkitzen zuten.
Eta hori izango da gaurko giltza. Ainhoa Hernandez ondo defenditzea, pase horiek hain errazak ez izatea.
Patri Elorza deskribatzeko eskatuz gero...
Esperientziadun jokalaria da eta oso argia. Ez dirudi indibidualki kalitate handiko jaurtiketa edo keinua duenik, baina oso argia denez, badaki momentu oro zer egin behar duen. Defentsan badaki zer egin behar duen gola eragozteko. Neurketa ondo irakurtzen du eta aurkaria ondo aztertzen du.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
