Ariane KAMIO
DONOSTIA

Aniztasunari eutsiko dio dFeriak aurtengo edizioan ere

Martxoaren 5etik 8ra hogei lanen estreinaldia hartuko du dFeria Donostiako arte eszenikoen azokak. Askotariko egitarauaren aldeko apustua egiten jarraitzen du eta nazioarteko hainbat lan erakutsiko ditu. Euskarazko sorkuntzen presentzia %6koa izango da.

Hogeita laugarrenez ekarriko ditu dFeriak Donostiara nazioartean, Estatu espainolean eta frantsesean eta, neurri txikiago batean, Euskal Herrian berriki egin diren azken ekoizpenak. Aniztasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen du eta aurtengoan Mexiko, Brasil, Argentina, Dominikar Errepublika, Estatu espainol, Estatu frantses eta Euskal Herriko lanak ikusi ahal izango dira. Horietatik hogei estreinaldiak izango dira.

Martxoaren 5etik 8ra gauzatuko den eskaintzan aipagarrienen artean dago “La Wagner” dantza ikuskizuna, kritika politiko eta sozialari leku egiten dion lana, Euskal Herrian oraindik estreinatu gabea. Pablo Rotemberg-ek zuzendutako obran biluzik antzezten duten lau emakumek estereotipoak indargabetzeko eta emakumetasunaren, bortxaren, sexualitatearen, erotismoaren eta pornografiaren inguruko aurreiritziak salatzen dituzte, Richard Wagnerren musikak lagunduta.

Cancamisa Teatro konpainiak “Ramper: Vida y muerte de un payaso” obra ekarriko du Donostiara. Ramper pailazoaren pertsonaia du oinarri, 1920ko hamarkadatik 1950eko hamarkadaraino arrakasta handia lortu zuen pertsonaia bitxia.

Bestetik, Lagartijas Tiradas al Sol konpainia mexikarrak “Tijuana” obra estreinatuko du Euskal Herrian. Gabino Rodriguezen kontakizun baten eszenaratzea da. Rodriguez, Mexikon ezaguna, Santiago Ramirezen nortasunaren pean bizi izan zen sei hilabetez, Tijuanan, oso baldintza kaskarretan. Inkomunikaturik egon zen, inguru hartako lantegi batean lanean eta gutxieneko soldata jasotzen. Eszenaratze honek historia hori kontatzeaz gain, antzezpenaren aukerak arakatu nahi ditu.

“La Prietty Guoman” diziplina anitzeko ikuskizunak kabareta ekarriko du Donostiara. Garry Marshallek zuzendu zuen filmari erreferentzia egiten dion obrak emakume bat du protagonista eta transexualitatea eta prostituzioa ditu aztergai. Gizarteak inposatu zion gidoiari jarraitu gabe, berea sortu zuen «emakume polit» horrek, eta soundtrack bat gehitu zion, bere egunak musikatu zituena txikitatik hainbeste esperotako Richard Gere-a iritsi arte.

Euskal Herriko arte eszenikoei dagokienez, zazpi ikuskizun erakutsiko dira dFerian. Orain gutxi estreinatutako “Txarriboda” (Hika) euskarazko eta gaztelerazko bertsioetan ikusi ahal izango da. Kukai Dantzak “Erritu” lanarekin parte hartuko du eta Miyriam Perez Cazabonek “Nere azalean arrotz” sorkuntza aurkeztuko du. Larrua proiektua “Baserri”-rekin izango da Donostiako azokan eta Dantzaz Konpainiak “Growing Young” aurkeztuko du. Euskarazko sorkuntzen presentzia %6koa izango dela adierazi zuen atzo dFeriako zuzendari Norka Chiapusok.

Aurten, dFeriak leiho berri bat zabaldu nahi dio aurre-ekoizpenari. Datozen egunetan antzerkigintza alorrean deialdi bat egingo dute hurrengo urtean azokan aurkeztuko lituzketen obrei buruz galdetzeko. «Galbahea pasa ondoren, batzuk hautatuko dira eta ekoizleei aurkeztuko zaizkie aurre-ekoizpena egiteko». Datozen hilabeteetan Kukai, Amaia Elizaran eta Ertza Konpainiak Tenerifeko Mapas azokan izango dira.