Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Donostiako hirigintza plangintzan egin diren akatsak salatu ditu EH Bilduk

Donostiako Udalaren hainbat hirigintza proiektu ingurumen baimenik ez izateagatik eten egin behar izan direla jakinarazi zuen atzo EH Bilduk, eta ohartarazi zuenez, halako beste akatsik egonez gero bere udal taldeak Eneko Goia alkateari eskatuko dio Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia kargutik kentzeko.

Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak aipatu bezala, alderdi bakoitzak bere proiektuak ditu, eta ez da hori salatu nahi dutena, horien kudeaketa baizik: «Orain dela hilabete batzuetatik, auzitegiak hirigintza planeamenduetan ingurumen baimena eskatzen ari zirela jakina zen». Hala ere, Uliako haztegietako, Illunbeko eta Bretxako proiektuetan baimen hori falta izan da. Uliako kasuan, «Goiak berak onartu behar izan zuen ‘porrot handia’ izan zela Udalarentzat» aipatu zuen.

Hala ere, EH Bilduren ustez, udal gobernuak beste aldera begiratzen jarraitzen du, eta hori «arduragabekeria politikoa» dela azpimarratu zuen Almirallek.

Bete ez diren «promesak»

EH Bilduren esanetan, «egindako promesa gehienak bidean geratu dira dagoeneko: Karlos I.a, anbulatorioak, zezenketei buruzko galdeketa, Sagues, Iztuetako biaduktua... EAJ-PSEk ez dute proiektu propio nabarmenik herritarrei erakusteko». «Leku berdinean hanka sartzen ari dira behin eta berriz», aipatu zuen.