GARA
DONOSTIA

Ikasleek B2 maila lortzeko ikasteredu orokortua proposatu du Kontseiluak

Euskararen gaitasun egokiak bermatuko dituen irakasteredu orokortua abian jarri beharra dagoela adierazi zuen atzo Kontseiluak. Helburua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean ikasle guztiek B2 maila eskuratzea da. Proposamen hau Lakuako Hezkuntza Sailak EAEn Hezkuntzaren Aldeko Akordioa bultzatzeko prozesuaren baitan aurkeztu zuen dokumentuari eginiko ekarpen bat da. «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazi zuen legegintzaldi honetan Hezkuntzaren Euskal Legea onesteko konpromisoa dutela. Hortaz, eztabaida garrantzitsua dugu esku artean», aipatu zuen Kontseiluko bozeramaile Paul Bilbaok.

Eredu orokortuaren aldeko apustua egiteaz gain, Kontseiluak orain arte ikasle euskaldun eleaniztunei begira sortutako material garrantzitsuena jarri nahi du Lakuaren esku. «Zalantzarik gabe, ikasteredu orokortuak bakarrik ez du lortuko belaunaldi berriek hizkuntza gaitasun egokia izatea», esan zuen Bilbaok. Hori kontuan hartuz eta aurrerapausoak sustatzeko asmoz, hezkuntza sektoreko eragile nagusiekin eta hainbat aditurekin zehaztutako “Euskaldun Eleanitzak Sortzen” proposamena abiapuntu bezala erabiltzeko gomendioa egin zuen.