A. G.
EMAKUMEEN LIGA

Araski, bidegurutzean kanporaketei begira

Joan zen asteburuko atsedenaldiaren ondoren, Emakumeen Liga azken txanpan sartzera doa. Bost jardunaldi baizik ez dira falta sasoi erregularra amaitzeko eta hiru euskal taldeak aurreneko sei postuetan sailkatzeko borrokan daude, sei hauek baitira Liga irabazteko kanporaketetara sailkatuko direnak.

Uneotan –zazpigarren den IDK Gipuzkoak partida bat gutxiago jokatu duela aintzat hartuta– Lointek Gernika Bizkaia da aurreneko seietan sailkaturik dagoen bakarra, 11-7 balantzeaz, seigarren doan Cadi La Seuk baino garaipen bat gehiagorekin. Bestetik, Lacturale Art Araski da okerren sailkaturiko euskal taldea, 8-10eko balantzea baitu Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak, hamargarren postuan.

Gasteiztarrek gaur arratsaldean, 19.00etan, Star Center Uniferrol taldea hartuko dute Mendizorrotzan. Galiziarrak laugarrenak dira Ligan, 12 partida irabazita. Alabaina, Kopan argi geratu zen Ferrolgo taldea urruneko jaurtiketek mugatzen dutela; hau da, jaurtitzaileak zorrotz defendituz gero, min egin dakiokeela.

Aurreneko itzulian partida aparta jokatu zuten talde biek. Arabarrek barrutik lanak eman zizkieten galiziarrei, baina hauek, hiruko jaurtiketei esker, 78-74 irabazi zuten. Ezin du halakorik gertatzen utzi gaur Araskik, edo bestela –datorren asteazkenean Perfumerias Avenida ahaltsua aurrean izango dutela jakinda gainera– kanporaketetara sailkatzeko trena hanka egitear izango du.

Erraza eta oso zaila

IDK Gipuzkoa izango da euskal taldeetan goiztiarrena, 12.15ean Estudiantes hartuko baitu talde donostiarrak Gasca kiroldegian.

Madrildarrek partida guztiak galdu dituzte eta, beraz, gipuzkoarrek erraz irabazi behar lukete. Hala ere, ezin da ahaztu Estudiantes Gernikari irabaztear izan zela. Bada, argi ibili beharko dira Azu Muguruzarenak.

Gernikak, aldiz, Spar Citylift Girona jasoko du Malosten, 18.00etatik aurrera. Aurten, hiru bider jokatu eta hiruretan galdu dute bizkaitarrek katalanen aurka. Oso lan zaila da taldearentzat. Bestetik, irabaziz gero aurreneko seietan sartzeko helburua asko erraztuko zaie bizkaitarrei.