Aitor ASPURU
ESTRASBURGO
Interview
SIYAR
PYD-KO KIDEA, KURDISTANTEN ALDEKO MARTXAN

«Errusiak ez du Kurdistan askatuko, ezta AEBek ere»

Siyar da militante honen «gerra izena». Ocallanen ideologiako ekintzaile guztiek bezala, ez du abizenik behar bere jarduera politikoan. Rojavako gaztea PYDko kidea da. Siriako alderdi kurdu nagusiaren eta YPG eta YPJ autodefentsarako taldeak sortu zituen erakundearen izenean mintzatu da.

Siyar gazteak Kurdistanen Askatasunaren aldeko II. Nazioarteko Martxan parte hartu du eta bertan hitz egin du euskal internazionalistekin.

Zein da Afrinen egoera?

Afrinen iraultza historikoa gertatu da, eta azkenengo 7 urteetan isolatuta egon denez, zailagoa izan da bertakoentzat defendatzea. Dena den, Kobaneko bataila jazo zenean, ez genuen horrelako esperientziarik gerra handi batean. Orain, ordea, Kobaneko bizipenak ditugu eta prestatu gara erresistentzia handia gauzatzeko. Izan ere, Erdogan diktadorea da eta hiru egunetan barrutia husten saiatu da bonbardaketekin, baina emaitza ez da izan berak espero zuena. Estatu turkiarrak uste zuen garaipena erraz lortuko zuela, baina 24 egun hauetan ikusi dute zein ahulak diren eurak eta gu indartsuak garela. Egun horietan guztietan Afrineko lurraldearen zati txiki bat besterik ez dute eskuratu. Umeak, adinduak, emakumeak gogor ari dira kolonizazio mugimenduaren aurka. Horren aurrean, Turkiako Gobernuak badaki ezin duela herria garaitu. Horregatik, bonbardatu ditu herriak eta hiriak bertakoek ihes egin dezaten eta errazago bereganatzeko. Baina herriak ez dio utziko. Estatu turkiar faxistak NATOko bigarren armadarik handiena du, eta ez du erakutsi nahi YPG eta YPJ miliziak berari aurre egiten ari direla. Turkiar gobernuko kolonizazio mugimendua ez da garaile aterako. Behin eta berriz esango dugu etengabe eutsiko diogula eta Afrin ez dela bakarrik egongo.

Zer uste duzu Errusiaren jokaerari buruz? Turkiari aire eremua ireki baitio.

Ez gara Errusiaz fidatu inoiz. Bagenekien hor zegoela zerbait irabazteko asmoz. Ez diogu inoiz sinistu, baina batzuetan interes berak izan ditugu. Gu bakarrik fidatzen gara YPGz eta YPJz. Ocallanek esaten duen moduan, gure herriaz bakarrik fida gaitezke.

Iritzia berbera duzu Ameriketako Estatu Batuen inguruan?

Gauza bera esan dezakegu horiez eta gehitu dezakegu jende horrek suntsitu duela Kurdistan iraganean. Arrazoi bakarragatik laguntzen digute, alegia, munduari kurduak borrokalari onak garela erakutsi diogulako. Zentzu horretan, gure aldeko apustua egin dute. Rolen bat izan nahi dute, Rojava aske izanez gero. Herri mugimenduak aurre egin dio munduko gerra makinarik handienari eta badakite ez dugula amore emango.

Eta zein izan da Al-Assaden jarrera? Izan ere, Siriaren batasuna aldarrikatu arren, ez du ezer egin Afrin defendatzeko; soilik barrutien arteko errepidea zabalik mantendu.

Assad ez da lerrokatzen ari turkiarren aurkako borrokan, eta Sirian nahi dutena egiten utzi die. Badaki Turkiako Gobernuak galduz gero, konfederalismo demokratikoa eraikiko dugula. Erdoganek eta Siriako gobernu baasistak jarrera berak dituzte.

Afrinen azkenengo aukera da erresistentzia armatua edo badago konponbide diplomatikorako aukerarik?

Konponbide politikoaren eta erresistentzia armatuaren bideak osagarriak dira. Erresistentzia handia behar dugu, baina baita babes politikoa ere Europan, erakundeetan zein Afrinen alde egindako manifestazioetan edota martxa honetan; Estrasburgon, Genevan eta Belgikan.

Konfederalismo demokratikoa jorratu duzue Afrinen. Zer nolako garaipen sozialak eskuratu dituzue?

Ez bakarrik Afrinen, Rojava osoan talde etnikoen arteko harremanak ez ziren onak gerra hasi baino lehen. Baina ondoren konfederalismo demokratikoa gauzatzen hasi ginen eta familia handia gara orain. Demografikoki aldaketa handia izan da, milioi bat biztanle inguru ginen; batzuek Europara ihes egin zuten, baina, hala ere, milioi eta erdi lagun bizi da Afrinen. Arabiarrek, asiriarrek eta gainerako etniek beren lekua topatu dutela-eta erresistentzian parte hartzen ari dira, elkartasunez. Emakumeen egoerari dagokionez, egun erabakigune guztietan parte hartzen dute; etxe batetik bestera, komunikazio lanetan, ordezkaritzetan, erresistentzian... Soldadu turkiarrek ikusten dituztenean emakume kurduak borrokan eta eurak jipoitzen beren ideologia matxistak zera pentsarazten die: «Emakumeek hau egiten badigute, zer ez digu egingo herrialde honetako jendeak?»