GARA
BILBO

Emilie Jouvetek jaso du Zinegoak-en Ohorezko Saria

Zinegoak Bilboko gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen nazioarteko jaialdiaren 15. edizioa abiatu zen atzo. Inaugurazio ekitaldia iluntzean egin zuten Arriaga antzokian eta bertan Emilie Jouvet zinema zuzendariak jaso zuen aurtengo Ohorezko Saria.

Emilie Jouvet argazkilari, zine zuzendari eta ekoizlea omendu zuen atzoko ekitaldian Zinegoak jaialdiak. Bere lanetan botere tresnak aztertzen ditu, gorputzean arreta berezia jarriz. Baina Jouveten alderik harrigarriena bere begirada naturala da, Zinegoak jaialdiaren arduradunen esanetan: «Batzuek alde probokatzailea edo immorala bilatzen dioten arren, zinegileak bere protagonistenganako begirada atsegina erakusten du une oro, bere ekintzak argiak dira, bere keinuak ederrak, eta aukera mugagabeko gorputza –fisikoa eta soziala– azaltzen du, modu naturalenetan adieraziz».

2006. urtean, frantziar Estatuko lehen film queer, lesbiko eta transgeneroa zuzendu zuen, “One Night Stand”, eta sari ugari jaso zituen nazioartean.

Europan zehar

Bere filmografian “Too Much Pussy! Feminist Sluts, a Queer X Show” ere aipa daiteke. Artista talde bat sortu, eta Europan zehar egindako emanaldiak jasotzen ditu. «Zinema gordina da, sexu adierazpen esplizituekin, eta norberaren sexualitate femeninoaz jabetzeko argudioa da, kutsu politikoarekin», nabarmendu dute Zinegoak jaialdiko arduradunek. “Aria” eta “My Body My Rules” ere zuzendu ditu.

2014an bere lehen argazki monografikoa, “The Book”, argitaratu zuen, eta horren atzetik erakusketa eta argazkilaritza topaketatan parte hartu du. «Ezberdintasunaren naturaltasuna, eta mugarik gabeko gizartea defendatzen dutenen eta pertsona guztienganako errespetua bilatzen dutenen ausardia» saritu nahi izan du Bilboko jaialdiak aurten.

«Artista konprometitua eta ausarta da, gai unibertsalekiko joera du, eta borroka itzela egin du Frantziako Iraultzaren ondorioz sortutako 1789ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala bertan behera uzteko eta horren ordez Iraultza Queerraren ondorioz sortutako ‘Ezberdintasun Aberasgarriak ditugun Hiritar Guztien Aldarrikapen Unibertsala’ ezartzeko», adierazi dute.