GARA
GASTEIZ

Pentsio duinak bermatzeko proposamen zehatzak aurkeztu ditu EH Bilduk

EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu Gasteizko Legebiltzarrean, pentsio sistema propioa eduki arte itxaron gabe, lau urte barru 1.080 euroko gutxieneko pentsioak segurtatzeko asmoz.

Pentsio duinak bermatzeko proposamen zehatzak egin zituen atzo EH Bilduk Gasteizeko Legebiltzarrean, Gobernu espainolak indarrean dagoen sisteman hartutako neurriek muturrera eraman dutelako pentsiodunek pairatzen duten egoera. Maddalen Iriartek salatu zuenez, «Espainiako pentsio sistemak ez du bizimodu duina bermatzen eta gero eta argiago dago ezinbestekoa dugula horren gaineko eskumena edukitzea eta gure pentsio sistema propioa eraikitzea, jendea erreskatatzeko».

Edonola ere, koalizio independentistak argi du ezin daitekeela sistema propioa eduki arte itxaron pentsiodunek gaur dituzten beharrak asetzeko; hortaz, Iriartek Lakuako Gobernuari eskatu zion eskura dituen tresnak erabil ditzala pentsioak hobetzeko. «Pentsioak osatzea Jaurlaritzaren esku dago, ez du zertan itxoin sistema propioa eduki arte, Estatu burujabea izan arte, besteak beste, pentsiodunek ere ezin dutelako itxoin, egunero jan behar dute-eta».

Hori dela-eta, EH Bilduk bi proposamen iragarri zituen atzo. Batetik, Leire Pinedok agertu zuenez, Legebiltzarrak Gernikako Estatutuak dioena behingoz betetzeko exijitu behar dio Gobernu espainolari, bi hilabeteko epean egitasmo eta egutegi zehatza aurkez dezan Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia gauzatzeko, hori lehenengo urratsa izango delakoan euskal pentsio sistema lortzeko.

Baieztatu zuenez, joan den ostiralean Azpiazu sailburuak transferentzia honen beharra eta urgentzia onartu zuen. EH Bilduren testuak akordio «zabala» bilatzen du eta Parlamentuko gainontzeko indarren babesa lor dezakeela uste du.

Eskumenak baliatu

Bigarrenik, jakinik pentsiodunen gaurko beharrak asetzea premiazkoa dela, koalizio subiranistak Urkulluren exekutiboari galdegin zion haren eskumenak baliatu ditzala pentsio baxuak hobeto osatzeko, «hemendik lau urtera 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatu ahal izateko, bereziki emakumezkoen zaurgarritasun egoerari erreparatuz».

Nerea Kortajarenak gogoratu zuen Lakuak 16.000 pentsio osatzen dituela gaur egun diru sarrerak bermatzeko errentaren bitartez, baina, ohartarazi zuenez, motzegi gelditzen da pauso hori, kopuruak benetan urrun daudelako Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen 1.080 euroko zenbatekotik.

Norabide horretan, 1.080 euroko pentsioak gutxieneko helburua izanda, Kortajarenak gobernu honi eskatu zion pentsioak KPI kontsumo prezioen indizearen igoeraren arabera osatzeko. Izan ere, «Gobernu espainolak aplikatu duen %0,25eko igoerak, KPIa kontuan hartu gabe, erosahalmena nabarmen galtzea ekarri die pentsiodunei». Esplikatu zuenez, KPIa %1,1etik gorakoa izanik, «iraingarria da erabat» pentsioak 0,25 soilik igotzea, erosteko ahalmena %13 eta 15 artean jaistea ekartzen baitu. EH Bilduk bat egin zuen pentsiodunen mobilizazioekin eta duintasunez bizitzeak politika publikoetan lehentasun izan behar duela defendatu zuen.