A.G.
EMAKUMEEN LIGA

Play-offetako txartela euskal taldeen eskura

Bi jardunaldi falta dira Emakumeen Ligako Fase Erregularra amaitzeko, eta IDK Gipuzkoak eta Lointek Gernika Bizkaiak play-offetan sartzeko postu banaren borrokan jarraitzen dute. Lacturale Araskik, aldiz, ez dauka aukerarik, baina era berean beste bi euskal taldeen alde epaile bihur liteke, batez ere gaur arratsaldean Cadi La Seuren kantxan irabaziko balu.

Arratsaldeko zazpietan hasiko dira euskal taldeen hiru neurketak, guztiak etxetik kanpo. Berez, gipuzkoarrek eta bizkaitarrek irabazi beharreko partidak dituzte, baina joan den asteburuan zer gertatu zen ikusita, zernahi gerta liteke.

Esaterako, Lointek Gernika Bizkaiaren kasuan. Joan den astean egundoko aukera utzi zuen pasatzen, etxean Logroñoko Campus Prometeren aurka galduta. Ligako azken-aurrenak bizkaitarren etxean irabazi zuen; hau da, gernikarrek azken sei jardunaldietatik bost galdu dituzte. Porrot ia guztietan antzera jokatu dute bizkaitarrek: aurrea hartu, neurketa erabakita uzteko aukera pasatzen utzi, aurkaria atzekoz aurrera etortzen laga, behar baino hutsegite gehiago egin eta, azkenean, partida galdu.

Gaur arratsaldean Al-Qazeres izango du aurkari Mario Lopezen taldeak. Extremadurakoek 10-14ko balantzea dute, play offetan sartzeko aukerarik ez dute, alegia; are gutxiago joan den astean Gasteizen galduta. Gernikarrek eskuan dute play-offetan sartzea, hanka-sartzerik errepikatu ezean beti ere.

Gasteiztarrak epaile

Hain zuzen, IDK Gipuzkoak Campus Prometeren kantxan jokatuko du. Bosgarrenak dira sailkapenean Azu Muguruzarenak, 13-11ko balantzearekin, eta garaipen bakarra nahikoa lukete kanporaketetan sartzeko. Joan den astean Perfumerias Avenidaren aurka galdu ostean, bide zuzenera itzuli nahi dute donostiarrek, azken batean eskuan baitute play-offetarako bidea, gainontzekoek zer egiten duten begiratzeke.

Dena den, Araskik Cadi La Seuren kantxan irabaziko balu, hobeto. Zazpigarrenak dira kataluniarrak, Gernika Bizkaiaren atzetik, 12-12 balantzeaz berdindurik. Gasteiztarrentzat partida tramite hutsa da, baina egundoko mesedea egingo liekete beste bi taldeei.