Blues doinuko ipuin bilduma
Gatazka eta sentimenduak. Bi gai horien bueltan egikaritu da orain artean Xabier Mendigurenen literaturgintza eta «Zu entzuteko gaude» ipuin bilduman bide berriak urratzera deliberatu da. Zaintzaz idatzi du, menpekotasunez, sakrifizioaz. «Musikarekin alderatuta, esan daiteke blues kutsua dutela», egin du ñabardura idazle eta editore beasaindarrak.

Liburu aurkezpenetan, idazleari bere sormen obra defendatzen laguntzea da editorearen zereginetako bat. Eginkizun hori ondo baino hobeto ezagutzen du Xabier Mendiguren Elkar-eko editoreak eta, atzokoan, horren berea duen babes hori gabe aurkeztu behar izan zuen “Zu entzuteko gaude”, argitaratu berri duen ipuin liburua. «Antxiñe [Mendizabal] auto-pilaketa batean da. Halakoetan laudorioak egitearena editorearen esku geratzen da, barkatuko didazue gaur halakorik ez bada», esanez ireki zuen aurkezpena.
Hiru ipuinez osatutako bilduma da “Zu entzuteko gaude” (Elkar), 2014. eta 2016. urteen artean idatzitako hiru ipuin biltzen dituena: “Izurdeak”, “Neguko hondartza” eta liburuari izena ematen dion “Zu entzuteko gaude”. «Triptiko bat osatzen dutela esan daiteke, antzeko tonua dute eta kontatzeko teknika ere antzerakoa da», azaldu zuen, narrazio bakoitza bizpahiru orrialdeko atal edo kapitulutan banatu duela adierazteaz batera. Horrek, idazlearen iritziz, erritmoa ematen dio irakurketari.
Aurrez argitaratu dituen obrekiko ezberdintasunik sumatzen duela ere aitortu zuen. Batetik, ipuinak Donostian kokatu ditu, «eta hori bada berrikuntza; izenik gabeko herri industrialetan kokatu izan baititut beti». Bestetik, hiru narrazioetako protagonistak –are, pertsonaia gehienak– emakumezkoak dira. «Baina ez gizonezkoen munduan dabiltzan emakumezkoak. Istorio femeninoagoak atera zaizkit, baina ez da erabakitako zerbait izan. Emakumeen arteko solasgaiak, halako orokorkeria bat esaterik badago, interesgarriagoak iruditzen zaizkit gizonenak baino». Diferentzia handiena, baina, tematikan dago: Mendigurenen literaturgintzan ohikoak diren politika –euskal gatazka bereziki– eta sentimenduak –bikote-harremanak, sexua, sedukzioa...– azpiratu eta hurkoarekiko bestelako begirada erakutsi du: «Zaintzarekin zerikusia dutenak daude, adibidez, baina ez nuke esango zaintzaz ari den liburua denik. Baina bai tonua berdin samarra dutela... musikarekin alderatuta, esan daiteke bluesa dela», esan zuen.
Lehen ipuinean, adibidez, bizitzan bi erabaki gogor eta zail hartu beharko dituen emakumea da protagonista: 20 urte dituela Jean-Marc senargaia utziko du ezbehar baten ondorioz ezindua geratzen denean, eta gerora, jaio berri den haurra erreanimatzen saiatzen jarraitzeari baiezkoa emango dio, honek bizi guztirako mendekotasuna ekarriko diola jakinda ere.
Berrikuntzak, baina, aurkezpen moldean ere izango du eraginik. Andoni Tolosa Morau abeslariarekin batera –bere amaren zaintza prozesuaz diharduen “Egunsentiak alperrentzat” disko intimoa kaleratu berri du– irakurraldi musikatuak egingo ditu. Lehena, ostegunean, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

Otegi se marca un Arzalluz, Esteban le da al eslogan y Pradales cuela trampitas

Nueve miembros del equipo rectoral derrotado de EHU, altos cargos del PNV

EH Bildu, con «certidumbre» y «sin ansiedad» hacia una República vasca

«Si hay un acuerdo con el estatus, será porque supone un salto»
