J.L.
sokatira

Euskal Herriko Lur gainekoa abiatzeko prest dago

Euskal Herriko Lur gaineko Sokatira Txapelketa gaur bertan jarriko da abian, eta aurreneko jardunaldian 680 kiloko lehen saioa izango da Berriatuan, 17.30ean hasita. Bi jardunaldi izango dira maila honetan, eta maiatzaren 19an jokatuko da bigarrena eta azkena Deban.

Gaurkoan, Mutriku, Getxo, Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Goiherri eta Akelarre izango dira lanean jardungo diren taldeak. Ez da ezusterik izan aurtengoan ere, eta urteroko talde berak izango dira parte hartuko dutenak.

Maila honetan Gaztedi izango da hiru talderekin, eta euretako bat izango da Goiherrirekin batera txapela lortzeko faborito nagusia. Hala ere, kontuan hartu behar da lehen jardunaldia dela, eta ondorioz taldeen egoera nolakoa den ikusteko ere aukera ederra izango dela. Ezuste handia izango litzateke txapelak Gaztedik edo Goiherrik ez lortzea. Txapelketa gaur hasiko da, baina ez da 680 kiloko lehiaketa bakarrik jokatuko Txapelketa honetan. Behin pisurik astunena amaitzen denean, besteek ekingo diote. Ondoren 640ko mailakoa izango da, eta hor hiru jardunaldi izango dira. Maila honetan ere 680koan parte hartuko duten talde berak izango dira lanean jardungo direnak.

640ko maila amaitu ostean, 600ekoaren txanda izango da. Hor ere hiru jardunaldiko ligaxkak jokatuko dira eta hemen lehengo taldeez gain, Goiherri B ere izango omen da. 560koaren txanda izango da ondorengoa, eta hor ere 600ekoan parte hartuko duten talde berak izango dira lehiatuko direnak, Mutriku kenduta, gipuzkoarrak ez baitira lehiatuko.

Azkenik, eta lur gaineko aurtengo Euskal Herriko Txapelketa amaitzeko, 600eko mistoak izango dira lehiatuko direnak. Hor, Gaztedi izango da protagonista nagusia, hiru talderekin lehiatzeko prest baitago, eta horiekin batera Goiherri eta Akelarre ere izango dira. Lau neska eta lau mutil egon beharko dira taldeetan.