Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Munro eta Durrenmatt, Literatura Unibertsala bilduman

Literatura Unibertsala bildumak baditu beste bi ale: Friedrich Durrenmatten «Epailea eta haren borreroa» eta Alice Munroren «Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak». Idoia Santamariak itzuli du lehena eta Isabel Etxeberriak, bigarrena, literaturako klasikoak euskarara ekartzeko bidean beste urrats bat egin duen bildumarako.

Literaturako klasikoak euskarara ekartzeko helburuz sortu zuten Erein eta Igela argitaletxeek, Eizie Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin elkarlanean, Literatura Unibertsala bilduma, eta jada iritsia da 172 eta 73 zenbakietara. Friedrich Durrenmatt idazle eta dramaturgo suitzarraren “Epailea eta haren borreroa” eta Alice Munro idazle kanadarraren “Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak” argitalpenak dira zenbaki horien jabeak eta, gaurtik aurrera, euskarazko eskaintza zabaltzera datozenak.

Isabel Etxeberria filologo eta itzultzaile donostiarra da Munroren obra euskarara ekarri duena. Idazle kanadarra aldizkari eta irratietan emateko hasi zen ipuin laburrak idazten eta geroztik bizpahiru urtean behin argitaratu izan du liburu berriren bat. 1968an bere lehen ipuin-bilduma kaleratu zuenetik dozenatik gora liburu osatu ditu eta, 2013an, Literaturako Nobel saria jaso zuen.

Aurkezpenean, Etxeberriak zehaztu zuen Literatura Unibertsalerako itzuli duen liburuak Munroren bederatzi ipuin jasotzen dituela, eta idazle kanadarraren idazteko estiloaz jardun zen. «Bederatzi horietatik hirutan pertsonaiak harrikoa egiten ari dira. Munroren ipuinetan umeei koilarak erortzen zaizkie eta purez zikintzen dute arropa. Gertakari arrunt eta xumeak daude, ez dituzte ezbehar latzak kontatzen, edo hori uste du irakurleak», esan zuen, Etxeberriaren hitzetan giza&bs;-harremanak baitira Munroren ipuinen ardatza: «Zirrikitu emozionaletan gordetzen dena azaleratzen digu, kirurgia zehatzaz».

Pertsonaien arteko hartu-eman horietan irakurleak bere burua islatua ikusiko duela ere esan zuen filologo donostiarrak, kontatzen dena «sentimendu unibertsalak» baitira, eta, kontatzeko moduaren gainean, Etxeberriaren iritziz, Munrok zehaztasunez erabakitzen du zer kontatu eta zer ez: «Kontatzen den dena zerbaitegatik dago hor, pertsonaiak munduarekin erlazionatzeko duen moduaz hitz egiten digulako, adibidez». Hala, “Asunak” ipuineko pertsonaietako bat –ez protagonista– putzugilea dela nabarmendu zuen: «Bizitzan hondoa jotzeari buruzko ipuina da eta pertsonaia hori etengabe baliatzen du, putzuez, zuloez... hitz egin eta ipuina borobiltzeko», zehaztu zuen.

Idazle kanadarraren ipuinetan elkarrizketek duten «komikotasuna» ere nabarmendu nahi izan zuen eta, idazlea ezagutzen dutenentzat oharra ere utzi zuen: «Munroren liburu hau oso Munro da. Gustuko duenak gozatzen jarraitzeko beste aukera bat du eta, ezagutzen ez duenak, gozatzen hastekoa», ziurtatu zuen.

Durrenmatt, beltzetik

Eta ipuin-bildumatik nobela beltzera, Durrenmatten “Epailea eta haren borreroa” itzultzeak ekarri dionaz jardun zen Idoia Santamaria. Erdialdeko Europarekiko «lilura» aspaldikoa duela aitortu zuen eta autore suitzarraren obrara alemana ikasten ari zela hurbildu zela esan zuen. Durrenmatt antzerki obren autore gisa da batez ere ezaguna –Max Firschekin batera Suitzako idazle ezagunena da eta bere obrak Bertolt Brechtenekin alderatu izan dira–, baina hiru eleberri beltz ere idatzi zituen eta, hain justu, horietatik lehena da “Epailea eta haren borreroa”.

«Durrenmatt trebakuntza filosofikotik zetorren, ez literaturatik», zehaztu zuen Santamariak, eta beraz pertsonaiak dilema filosofikoen erdian kokatzeko joera zuela esan zuen, horiek «ongia eta gaizkiaren arteko muga lauso horretan» marraztuz: ez dago guztiz “ona” den pertsonaiarik, eta zikoitzenak ere badu ontasunik.

Nobela Suitzako landa-gunean girotua dagoela ere zehaztu zuen eta Durrenmattek irakurlea ustekabean harrapatzeko duen gaitasunaz ere jardun zen: «Deskribapenak oso zehatzak dira eta elementu ironiko eta grotesko asko dago; hor badu Kafka eta Bretchen eragina. Adibidez, kanposantuan hilotza lurperatzen ari direla euri-jasa ari du, oinak lokatzetan, banda bat jotzen... Egiten duen deskribapenarekin, ez dakizu oso ondo barre edo negar egin. Uste duzu gauza bat kontatu behar dizula eta bestera doa».