Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Lehiakide gazteek aurpegia erakutsi dute nagusien mailan

Zaragozan jokatutako Espainiako Eskalada Koparen lehen proban, Muriel Ruiz de Larramendik eta Eneko Carreterok, seniorretan, brontzea eskuratu zuten. Nafarrak 20 urtez azpikoen mailan irabazi egin zuen.

Hilaren 9an eta 10ean, Zaragozan, Fedme-k antolatutako erregulartasunaren zirkuituaren lehen proba jokatu zen. Hots, Espainiako Eskalada Koparen lehen hitzordua. Beste ekitaldi batez, euskal ordezkari andana izan ziren. Eta, oro har, aitor dezakegu emaitza ederrak erdietsi zituztela.

Azpimarratu behar da, halaber, jubenil maila ezberdinetan lehiatzen diren euskal ordezkari batzuk oso “lotsagabeak” izan zirela seniorren mailan. Horren adierazle dira Muriel Ruiz de Larramendik eta Eneko Carreterok egin zituzten jardunak. Nahiz eta gazteen mailan egon, nagusiekin nor baino nor aritzeko aukera izan eta brontze bana eskuratu zuten.

Zailtasuneko proba honi dagokionez, lehen lehia egunean 16, 18 eta 20 urtez azpikoek jardun zuten. Harrigarria da hiru maila horietan izena eman zuten eskalatzaileen kopurua: 94! Horietako 48, 16 urtez azpikoen mailan lehiatu ziren. Lau euskal finalista egon ziren: Haizea Oses (8), Joanes Esparta (4), Aimar Uson (5) eta Martzel Vicario (7).

18 urtez azpikoen mailan, berriz, Andoni Espartak zilarra kolkoratu zuen. Carretero laugarrena izan zen, Aitziber Urrutia seigarrena eta Iker Carrera zortzigarrena.

Urre bakarra

Ruiz de Larramendik, bestalde, oso gutxigatik bada ere, 20 urtez azpikoen mailan irabazi zuen. Antia Freitasekin berdindu zuen, baina nafarrak denbora hobeagoa egin eta urrea sinatu zuen. Podiumaren hirugarren postua Irati Zabalarentzat izan zen. Atzetik, Suyapa Perez (5) eta Maialen Lezeaga (6) sailkatu ziren. Mutiletan, Martin Urrutiak zortzigarren postuan amaitu zuen.

Biharamunean, seniorren txanda izan zen. Askotan aipatu dugun bezala, azpitik dauden gazte maila ezberdinetako eskalatzaileek aukera dute nagusien mailan lehiatzeko.

Denera, 38 eskalatzaile nor baino nor aritu ziren; kopuru txikia Espainiako Koparen proba bat izateko. Finaleko bidean, neskek proposamen tekniko bati egin behar izan zioten aurre. Ruiz de Larramendik goi mailako hirugarren postua eskuratu zuen. Zuriñe Arrue bosgarren postuan sailkatu zen. Mutiletan, bestalde, bederatzi finalistetatik bost euskal ordezkariak ziren. Carreterok garrantzi handiko brontzea eskuratu zuen. Andoni Esparta laugarrena izan zen, Bittor Esparta bosgarrena, Martin Urrutia zortzigarrena eta Iñaki Arantzamendi bederatzigarrena.