I. C.
EUSKOTREN LIGA

San Juanek hirutik hiru, Galizian ere garaile aterata

Pasaitarrak hasiera-hasieratik eta amaiera arte izan dira azkarrenak Coruñakoestropada eremu eta baldintza gogorretan, eta hiru garaipen dituzte jada.

Estropadako epaileak bandera jaitsi baino segundo batzuk lehenago ikusten zen haizeak bere protagonismoa izango zuela Coruña Hiriko Banderako lehenengo jardunaldian. Baldintza hauekin –ura oso nahasia zegoen–, San Juaneko neskek beste hiru traineruek baino hobeto asmatu zuten estropada eremuari eta baldintza gogorrei aurre egiteko egin beharreko lana zein zen. Hasieratik aurre hartu zieten pasaitarrek aurkari guztiei, eta lehenengo ziabogan –estropadako bakarra– hamar segundoko aldea ateratzen zioten jada Oriori, 27 segundo Arraun Lagunak-i eta 30 segundo Hondarribiari.

Hori bai, “Ama Guadalupekoa” trainerua gidatzen duen Estibaliz Gezalak sekulako maniobra egin zuen ziabogan eta, horrekin, donostiarren ontziari aurrea hartzea lortu zuen.

Bigarrengo luzean ez zen aldaketarik egon. Nerea Perez patroiaren San Juanek bere aldea handitzen jarraitzen zuen bitartean, Oriok bigarren postuari ederki eutsi zion. Hala, “Batelerak” trainerua txapeldun suertatu zen bigarren kaletik sartuz, eta Orio, zero kaletik, bigarren izan zen. Hirugarren eta laugarren postuen arteko lehian, Hondarribiak ez zuen erritmoa jaitsi eta bi puntu eskuratu zituen sailkapen nagusian. Gainera, honi esker, Donostiako traineruari hirugarren postua kendu dio gaurko bigarren jardunaldiaren esperoan. Atzo ez bezala, gaur irabazten duenak bai, Coruña Hiriko Bandera lortuko du.

Estropada amaitzean, San Juango preparatzaile Aitor Ugaldek laugarren kalea tokatu izana azpimarratu zuen. «Kalearekin suertea izan dugu, baina ondo moldatu gara itsasoan». Euskotren Ligari dagokionez, Orio aipatu zuen aurkari nagusi gisa Ligako 14 estropadetan –11 geratzen dira orain–.

San Juango traineru irabazleak honako arraunlariekin egin zuen arraun atzokoan: Ane Pescador, Oihana Cereijo, Andrea Oubiña, Onintza Olaizola, Laura Goldaracena, Vicky Piñeiro, Sarai Lizaso, Josune Ugarte, Maria Mendizabal, Ane Arbillaga, Alazne Egiazabal, Ane Hernandez eta Irati Larrañaga. Patroi lanetan, Nerea Perez izan zen.