10/07/2018

chronicle
EUSKAL ARTEA FRANKISMO GARAIAN
GAUR TALDEKO ZORTZI ARTISTEN LANAK TESTUINGURU HISTORIKOAN KOKATUTA

BAIONAKO EUSKAL MUSEOAN GAUR TALDEARI ESKAINITAKO ERAKUSKETARA SARTZEAN BESOA ALTXATUTA DAGOEN FRANCOREN AFIXA HANDI BATEK EGITEN DU HARRERA. ARTISTEN LANEKIN BATERA TESTUINGURUA ERE BADA PROTAGONISTA.

Idoia ERASO
0710_kul_expo
Oteiza, Chillida, Mendiburu, Basterretxea, Sistiaga, Amable, Balerdi eta Zumeta Euskal Museoan ikusi eta ezagutu ditzakegu

Zortzi artisten lanak agertzeaz gain, lanok ulertzeko ibilbidea proposatzen du Jacques Battesti komisario nagusiak. Sei gunez osatutako bideak garaian murgiltzen du bisitaria. “Francoren ordenua Euskal Herrian” izenburupean diktadoreak egindako bisiten argazkiak eta propaganda afixak daude ikusgai.

Gaur taldearen ikuspegi iraultzaile eta abertzalea hobeto ulertzeko, diktaduraren alde zeuden artista ofizialei eskaintzen zaie bigarren gunea. Zuloagaren obrez inguratuta Francok Hitlerri eginiko harreraren argazkiak, edo Urgull mendian eginiko Jesusen Bihotzaren eraikuntzarenak agertzen dira, Ignacio Zuloagaren beraren obrekin.

Ekin taldearen sorrerari eskainitako gunean, EAJtik urrundu eta ETA sortu zutenen hainbat dokumentu eta irudi bildu dituzte, Enbata mugimenduaren manifestua besteak beste.

Erakusketaren hainbat protagonista bildu zituen eraikinari buruzkoa da laugarren gunea: “Arantzazu, arantzekilako artea”. Basilikaren eraikuntzan izandako ibilbide gatazkatsuaren irudi askotarikoak bildu dituzte, Nestor Basterretxearen zirriborroekin edota Jorge Oteizak Arantzazun egin zituen eskulturen bertsio txikiekin batera, argazkiak ere ikus daitezke.

Jorge Oteizak du bosgarren gunea hartzen, euskal arteari buruz eraman zituen gogoetengatik. Teorizazio mailan eta engaiamendu politikoagatik izan zuen gidaritza agerrarazten da. Artistak 1950 eta 1960ko hamarkadetako abangoardian izan zuen toki berezia eta idatzi zuen “Quousque tandem...!” saiakera aurkeztuak dira, baita obrak izan zituen ondorio identitario eta artistikoak ere.

Ibilbideak Gaur taldearen sorrerara garamatza, 1966. urtean Barandiaran galerian zortzi artistek egin zuten erakusketatik abiatuta Gipuzkoatik kanpo ere sortu zen mugimendura: Emen Bizkaian, Orain Araban eta Danok Nafarroan.

Artista berritzaileak

Amable Ariasekin hasten da taldeko artisten lanen aurkezpena. Teknika ugari eta euskal artearen gaiarekiko urrun kokatu zen sortzailearen garai ezberdinetako obrak ezagutzeko parada eskaintzen da. 1964ko “Demostración irrefutable de las paralelas según Eli de Gortari” obra abstraktuarekin batera 1978ko “Sobre II” figuratiboa hautatu dira erakusle gisa.

Basterretxearen gunean, “Hillarri Lasartena” eskulturarekin “Homenaje a Le Corbusier” obra grafikoek artistaren aniztasuna aditzera ematen dute. Bide horretan, “Ama Lur” ikus-entzunezkoari eman diote tartea. Fernando Larruquertekin sortu zuen filma afixekin eta argazkiekin dago lagundua.

Rafael Ruiz Balerdiren kasuan ere “Homenaje a Tarzán. Capitulo I. La cazadora inconsciente” filma aurkeztu dute erakusketan. “Maraña I” obra esanguratsua ere ekarri dute Bilboko Arte Ederren Museotik. Artistaren obren ikusgarritasuna “Altea 91/92 XV” obra handi eta koloretsuarekin erakutsi dute.

Taldeko artista ezagunenetarikoa den Eduardo Chillidak adierazpide gisa erabili zituen teknika ezberdinak aurkeztu dituzte Baionan. Besteak beste, “Besarkada I” eskultura, “Euzkadi III” margoa eta “Esku I” grabatua aurki daitezke.

Jose Luis Zumetaren hiru obra besterik ez dituzte ezarri, baina kopuruaren ordez neurriari eman diote garrantzia, eta tamaina handiko hiru koadro ikus daitezke. 1962. eta 1965. urteetan eginiko izenbururik gabeko obrak, non artistaren kolore biziak ezagutu daitezkeen.

Beste sortzaileei bezala, Oteizaren obrari ere eskaini diote tartea. Kokapen historikoan bere teoria azaltzen bazen, material ezberdinez eginiko eskulturak daude obrari eskainitako gune honetan. Brontzea, aluminioa, altzairua, marmola eta alabastroz eginiko lan figuratibo eta abstraktuak.

Remigio Mendibururen eskulturek eta margoek bere obra abstraktuan sartzen dute bisitaria. Forma bizi eta organikoek mundu ezberdinetara daramate ikuslea, bide horretan txalapartari bezala Mallarmeri omenaldia egiteko obren bitartez.

Jose Antonio Sistiagak du ibilbidea bukatzen. Margolaritza etengabe aldatzen eta berrasmatzen zuen artistaren oihal gaineko eta paperezko obrak ezagutarazi ditu erakusketak. Kolorez beteriko “Paisaje vizcaíno” edo “Giratorio” aurki ditzakegu.

Hasi bezala, artistek bizi ziren gizartearekin zuten harremanaren azalpenarekin bukatzen da erakusketa. “Gu gira Euzkadiko gazteri berria” eta “Ikurra bilakatu den hizkuntza estetiko baten hedapena” guneetan taldeko sortzaileek beste eremu artistikoetan edo gizartean egindako kolaborazioak agertzen dira. Zumetak sortutako Mikel Laboaren diskoen azalak, Chillidak eginiko amnistiaren aldeko pegatina edo Oteizak euskararen alde sortutakoa ikus daitezke.

Erakusketa erakunde publiko eta partikularren laguntzari esker osatu ahal izan da. Euskal Herri osoko museoetatik heldu obrak badira, baita artistek beraiek utzitakoak ere.