Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Ahari topaketa gogoan

Azken hilabeteotan albiste izan dira buruz burukoak. Ez, ez naiz ari frontoietakoez; han-horko goi-mailako agintari politikoen artekoez ari naiz. Hiriburu desberdinetan izandako buruz buruko horien berri izan dugu puntualtasunez, nahitaez, oholtzako besaulkian Etxe Zuriko maizterra, Plaza Gorrikoa edo Piongiangeko ez dakit zein zer koloretakoa jesarrita ere. Bertsolariak zioenez: on dagiela, zertarako jesarri bestela! Tira, amaren herriko ume garaiko ahari topaketa haiena gomutatu dut halako batean, buru biotatik adarkatzeko asmo gehien zeinek zeukan argitzeko sikiera balioa bazuena, ingurukoen apustuak apustu. Topaketa haiek plazan ematen ziren behinik behin, plazak berez aldeko duen guztiarekin, ez oraingo horien modukoak, hoteltzarreko areto moketatuetan… Portzierto, topaketak nonahi gaur, baina aharirik?

Tira, harira! Nik bestelako buruz buruko bat gura nuke ikusi, plazan bertan ez bada ere plazakoek aldeko duten guztiarekin bai. LAB eta ELA mugimenduen goi-buruen arteko buruz burukoa; bai, mugimendu izena eta izana dutelako, biak, eta biek zein biek. Nago ni hori dela gaur eta hemen funtsezko euskal “lab-ela”, bakarra ez izan arren, jakina! Gainera, ez zen etxetik kanpoko inongo hiribururik bilatu beharrik izango, sukaldeak sobera berton, are gutxiago aldibereko itzulpenik; dena bertatik bertara eta bertoko elikagaiekin…

Zaila egiten zait pentsatzea negoziazioak ulertzeko moduak, gaurko sindikaleko esparru soziopolitikoan bada ere, iraganeko esparru politikoan izan zuen zama izaten segitzea. Ez nekien nik sektorial eta kolektibo zer horrek ahari topaketarena ekarriko zidala, berriro, buru aldera. Beti uste izan dut zoomak angeluhandiaren testuinguruan baino ez duela zentzurik. Azken finean, gauza bat da testua eta bestea testuingurua. Biak behar ditu fundamentuzko labelak, uztarri berean.