Arantzazu FERNANDEZ
Musika

Kreazio paraleloak

Kreazioa”-n obra kanoniko baten gaurkotze lanetan beste istorio batzuen lekukoak izateko parada izan dugu. Alde batetik, Haydnen oratorioaren musika eta libretoa eskaini digutelako diskrezio eta errespetu osoz bai orkestrak bai abeslariek, baina, bestetik, La Furak ohikoa duenez, beste mezu batzuk ere erakutsi dizkigutelako estetika retro-futuristan bildurik.

Istorio lerro batean koroko partaideak errefuxiatuak dira mundu berri baten aurrean; beste ildo batean, berriz, ingelesez proiektaturiko esaldietan zehazki, munduaren sorrerarekiko Michel Salinbeniren hurbilpen zientifiko-filosofikoa irakurtzen dugu tarteka-marteka. Arazoa da istorio marra horiek ez direla ondo txertatu oratorioaren esanahi nagusian eta Pedrissaren proposamenak Haydnen libretokoen aldean paraleloan gelditzen direla. Azalpen grafikoak the force of the quantum-en ingurukoak izan arren, energia galtzen dutelakoan nago. Esaterako, zer dioskute, antza errefuxiatuak diren horiek? Diskurtsoen nahasmen horretan, Jainkoaren aldekoa gailentzen zaigu, Haydnen musikaltasunak eta “Kreazioa”-ren esanahiak iraunkorragoak diruditelako gaurkotasunak gehitutako diskurtso osagarriek baino.

Eszenografiak konposizio fotogenikoak sortzen ditu kolore gutxiko paletarekin; argiak arreta guneak nabarmentzen ditu, jantzien bonbillatxoak eta bakarlarien gaineko fokuak direla, tableten pantailen distira dela. Ikuskizunean zehar, unibertsoko izarrak eta planetak zein sare neuronalak nahiz geologiako sistema kristalinoak gogoan izan ditzagun pentsaturiko imajinak proiektatzen dituzte bost panel mugikorretan. Musikaren erritmoak, ordenagailu zaharretan bezala, soinu uhin, lerro malgu bihurtzen zaizkigu, Big Bang-a irudikatuz besteak beste. Horregatik guztiagatik Marc Molinos, Pelayo Mendez, Anna Mestre, Ventura Lopez, Ignacio Infiesta, Aitziber Sanz, Francisco J. Iglesias, Pedro Lorente Adamuz eta Alicia de Manuel Lozano aipatu behar ditugu teknika estetikaren mesedetarako erabiltzen duten teknikariak direlako.

“Kreazioa”-n, operan bezala Gesamtkunstwerk edo “artelan totala” izan dadin Interneteko izpiritua barneratu duela ulertzearekin batera, big brother baten begiek zelatan gauzkatela ikusten dugu. Helio globo erraldoi zuriei planeten tankera ez ezik igel arrautzen eta DNA osagarrien itxura hartzen diegunean, diskurtso zientifikoaren alde lerratzen da gure begirada; belarriak, aitzitik, Jainkoaren lan miragarriaren laudorioaren konpasak jarraitzen ditu. Aingeruek, Rafaelek, Urielek eta Gabrielek, mendebaldarturiko ziborgak diruditelarik, iragana eta etorkizuna batera ikusten ari garela konturatzen gara. Hala dio proiekzioak: “A road to the past to shape the future” –hau da, “iraganeko bidea etorkizunari forma emateko”–.

Teatro barrokoan gertatzen zen lez, makinaria antzezpenaren gunea dugu. Kasu honetan La Furak hain gustukoa duen garabia erabiltzen dute bakarlariak igotzeko, urontziaren plataforma izateko, itsasontzi baten masta akordura ekartzeko. Artifizioa begi bistan dago. Koroa bi aldiz ateratzen da agertokitik, laugarren pareta apurtuz; era horretan aretoko pasillotik aireratzen dituzte kantariek euren ahotsak.

Ikuskizunean kreazio egunek aurrera egin ahala, emozioa handituz doa Adan [Tomas Taltzi] eta Evaren [Alicia Amo, txalotuena] arteko kantu zoriontsua entzun arte. Amaieran ikuskizun honetako esanahi guztiak batzen dira bai libretoaren bai irudikapen grafikoaren esaldi bakar batean: “Gure bizitza egarriak ez du mugarik”. Hamabostaldian egarria asetzen hasi besterik ez garen ustearekin goaz etxera.