GARA
Eskubaloia

Gurutz Aginagalde, hautagai Bidasoako hauteskundeetan

Logroñon jokatzen duen atezainak etxera itzuli nahi du presidente moduan.

Gurutz Aginagaldek (Irun, 1977) Bidasoak abendurako deituko dituen hauteskundeetara aurkezteko asmoa iragarri zuen atzo Artaleku kiroldegian emandako prentsaurrekoan. Bidasoako atezain ohiak nabarmendu zuenez –egun Logroñon jokatzen du–, hautagaitza nahiko aurreratua dago: «Azken hilabeteetan proiektua eta lantaldea osatzen ari gara, urte amaierako

hitzordura prest iristeko».

Kontuan izan behar da Jose Angel Sodupe buru duen egungo zuzendaritzaren agintaldia 2019ko uztailean amaitzen dela berez, baina hauteskundeak 2018ko amaierara aurreratuko direla. Data hori gertu egon arren, Aginagaldek jakinarazi du bere asmoa aspalditik datorrela: «Joan den urtearen amaieran hasi nintzen buruari bueltaka, eta behin Logroñoko zuzendaritzari hausnarketa honen berri eman ostean, aukera hau egon zitekeela aipatuta, martxoan bildu nintzen Jose Angel Soduperekin eta orduantxe agertu nizkion nire asmoak».

Taldeari zer eman nahi dion galdetuta, «esaldi batean esan beharko bagenu gure proiektuarekin zer bilatzen dugun, Bidasoa gipuzkoarrago batez mintzatuko ginateke», azpimarratu zuen Aginagaldek. «Talentu euskaldun ugari ditugu Asobal Ligako beste taldeetan eta atzerriko lehiaketetan. Bidasoa indartsuago batekin aukera izan dezakete etxean aritzeko», gaineratu zuen.

Gurutz Aginagalde 1992-1993 denboraldian hasi zen Bidasoan jokatzen. Hiru denboraldi geroago, lehen taldera igo zen, eta 2005az geroztik Logroñon jokatzen du. Joan den apirilean Asobal Ligan 600. partida jokatu zuen, beste lau jokalarik bakarrik lortu duten kopurua.

Xoan Ledori ebakuntza

Taldeari dagokionez, Xoan Ledo atezain galiziarrari ebakuntza egin diote meniskoan eta gutxienez Ligako aurreneko lau partidak galduko ditu.