Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Urtea irailean hasten da

Europan ordu aldaketaren eztabaida pil-pilean dagoenean, hara nor datorren egutegia ere zalantzan jartzera. Baina hala da, gutako askorentzat urtea ez da urtarrilean hasten, irailean baizik. Bilboko Aste Nagusia gainditzean abiatzen da, Marijaia sugarren artean agurtzearekin batera. Oporren osteko kurtso berriarekin ziklo berri bati heltzen diogu eta, beraz, aldaketak egiteko une aproposa izaten da; gustatzen ez zaiguna apurtu eta zerbait berria sortzeko.

Urte berri honetarako asmo onen artean erronka handia daukat nik: bi astean behin iritzia hemen ematea. «Gaurkotasuna» deritzon kiribil zoroan amildutako gaiei buruz ikuspuntu propioa eskainiko dizuet, edo saiatuko naiz, behintzat. Gertuko kontuak izango dira halabeharrez. Halakoen helburua hautsak harrotzea den garaian, gogoetarako tartea zabaltzen ahaleginduko naiz.

Asmoak asmo, aitortu behar dut proposamena jaso nuenean zalantzak agertu zitzaizkidala. Eztabaidatzea asko gustatzen zaidan arren, gai izango al naiz horrelako eginkizun serioa hartzeko? Denbora nahikoa izango dut hizpide dudanaren ñabardurak arakatzeko? Eta funtsezkoena, nire ustea aberasgarria izango al zaizue?

Komunikabide gehienetan emakumeok iritzia emateko dugun tartea urria da, bereziki gai «serioak» jorratzerakoan. Zoritxarrez, komunikabide publikoek ere ez dute itxurarik gordetzen; aski duzue goizero irratia piztea horren berri izateko. Emakumeen ahots publikoa gutxietsia izaten da eta, beraz, zaila zaigu ordezkatuak sentitzea. Egoera horren aurrean amorrua sentitzen dut, nola ez, baina itaundua ere sentitu izan naiz. Izan ere, argi daukat benetako aldaketak kolektiboak izango direla, baina norberaren esku dago ere pausoak ematea.

Hortaz, urte berri bitxi honetarako finkatutako asmo ona uste baino borobilagoa da. “Jo Puntua”-k nire pentsamendua publikoki maizago ematea ahalbidetuko dit, jakinda kritikak jasotzeko prest egon behar naizela. Bestalde, beldur apur bat sentitu arren, emandako aukerari probetxua atera eta, hein batean, dagokigun toki publikoa hartuko dut. Azken ahalduntze ariketa gisa, gainera, askotan euskaraz arituko natzaizue, gaurkoan bezala.

Zutabe askotarako!