09/09/2018

Julen Murgoitio
Aldatu aldaketa, ez ordua

Lehengoan hiri bateko kale nagusi batetik nindoala txizalarri sentitu eta hara! taberna batera sartu behar larritasunari bidea emateko. Txizatokira bidean barra ondotik pasa eta hara berriro! pintxo bat zegoen niri zorrotz begira, eta hartu egin nuen, aho-bete modura, urteko ardo batekin lagunduta. Tira Murgoitio, demontre harira! Barran umezurtz zegoen egunkaria hartu nuen, goizeko egunkari independente horietarikoa bera, begiratua emateko eta kolpea gero!, pentsatu nuen azaleko erdarazko letra larriari erreparatuta: «Aldaketarako batzorde bat sortuko du Gobernuak» (gure beheko Estatuko gobernuaz ari zen notizia). Sozialista apartekoak gero, aldaketan pentsatzen hasitako horiek! Bai zera, kimera! Letra xehea irakurtzen hasi eta hara bestea! Ordua aldatzeko batzordea zen! Kawen! Mon Dieu!

Dena dela, esan gabe doa, aldaketen eremuan ordua bera ere aldatzea inportantea da; azken batez prozesuen abiadura denboran neurtzen da, beti ere espazio zehatz batean neurtua. Hortaz, beharrezkoa da prozesuetan bidaide direnek ordua sinkronizatzea, tropela beti abian mantentzeko. Gaur-gaurkoz orduarena ez da meridiano kontua, paralelo kontua baizik, Pirinioetako paraleloarena hain zuzen ere. Hortixe hasi aldaketa! Eta arin, gainera, Elizak mendikatea immatrikulatu aurretik!

Ama, ama, zenbat gauza ez ote diren aldatu behar, ordutik harago! Baina denak ez, jakina. Hortaz, klima ez dugu aldatu behar, berak erabaki dezala berez zer egin! Baina zerua ikusteko modua bai, eta presaz. Horra! plastiko beltzaren azpian ezkutatzen diren horiek ez dakite momentuko zeruan zer den berri, eta hori gutxi izan ez eta erlojuko orratzak berak geldi dauzkate, pultsuaren faltan, tradizioaren lokatzean ainguratuta.

Portzierto, pintxoa jan eta gero tabernatik alde egin nuen… txiza egitea ahaztuta.