Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Kopurua baino kezkagarriagoa, mezua

Atzotik, datorren astelehenera arte, abian izango dira Errusiako Ekialde Muturrean “Vostok 2018” maniobra militarrak. 1981az geroztik egindako handienak, hedabideetan ikus daitekeenez: 300.000 soldadu, 36.000 ibilgailu, 1.000 hegazkin... Txikitxo uzten ditu horrek iaz Mendebaldean egindako “Zapad 2017” maniobren zenbatekoak. Kopuruz, II. Mundu Gerraz geroztiko handienak izango dira. Hotzikara apur bat eragin du horrek.

Ez naute bereziki asaldatzen kopuruek, hala ere. Errusiar Federazioak tradizioari eusten dio. Eta tradizioa da, Sobietar Batasuna zenetik eta lehenagotik, urte sasoi honetan, udazken atarian edo, maniobra erraldoiak egitea. Zapad, Vostok eta gainerakoen zerrenda ikusi besterik ez dago. Egia da aurtengoa bereziki erraldoia dela...

Mezuari erreparatu behar zaio, ordea, soldadu oldeari baino gehiago. Maniobra horiek, beti, mezua baitaramate. Eta benetan kezkatzen nau aurtengoen mezuak.

Mezua da, jakina, Errusiak baduela gaitasuna, operatiboki, eta borondatea, politikoki, behar izanez gero, bere indar konbentzionalen gehien-gehiengoa (hori baita Vostok maniobra hauetarako mobilizatu duena) Ekialde Muturreko gerra-eszenatoki batean inplikatzeko. Eta hortik ondorioztatzen dena da kezkagarria.

Errusiak, noski, etorkizun hurbilean ez dauka bere Ekialde Muturreko lurralde eder bezain despopulatuen defentsan gerra egin beharrik, duela 85 bezala. Ezta duela 50 urtekoa bezalako iskanbilarik ere hegoaldeko erraldoi txinatarrarekin. Alderantziz, gonbidatu oso bereziak dira txinatarrak oraingoan, begirale ez ezik partaide baitira. Sekula ez bezalako gozotasun giroan dabiltza Mosku eta Pekin... Zer orduan?

Vladivostoketik 125 kilometrora Korea dago. Norbaitek noizbait uste izan badu Koreako Penintsulan indarkeriaren bat egin daitekeela (beste) potentzien mamuak iratzarri eta asaldatu gabe, maniobra horien mezua oso aintzat hartu behar lukeela esango nuke. Lehen Txinatik bidalitakoak aditu ez baditu.

Pertsona helduren bat izango al da AEBen agintean...