Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Afrikako suaren erronkatik bi sari ekarri dituzte etxera

Cao Grande orratzean, Eneko eta Iker Pou anaiek eta Manu Poncek «Leve Leve» bidea zabaldu eta ingelesen marra askatu dute.

Eneko eta Iker Pou anaiek aurrera daramaten “Lau Elementuak” izeneko proiektuak bigarren etapa bete du. Iazkoa urarena izan zen; aurtengoan, berriz, sua izan da protagonista. Horretarako, eskalatzaile gasteiztarrek Afrikako Sao Tome eta Principe uhartera bidaiatu zuten.

Bitxia bada ere, uharte txiki horretan helburu erakargarri bat ikusi zuten; Cao Grande izeneko orratza. Hala eta guztiz ere, protagonistok onartu dute eskalatzeko xede erakargarri hori lortzea ez dela batere erraza izan: «Iazko erronka bukatu bezain laster, bigarrenaren bila jarri ginen. Sua elementua zen ardatza, eta, hasieran, hainbat sumendiren izenak mahai gainean jarri genituen. Baina kontua da sumendi horiek ez direla batere bertikalak; hots, erronka hori aurrera ateratzeko behar adinako bertikaltasunik ez zuten eskaintzen. Pareta edo orratz erakargarri bat bilatzen denbora eman genuen, eta, azkenean, Sao Tome eta Principe uhartean dagoen Cao Grande orratzarekin egin genuen topo. Aipatu behar da orratz hori 600 metro luze dela eta oihanetik zuzen-zuzen altxatzen dela».

Sao Tome eta Principe Afrikako herrialde txikiena da, eta bisita gutxi izaten ditu. Klimari dagokionez, eskalatzeko, bederen, ez da batere atsegina; izan ere, oso beroa, hezea eta euritsua da. Oihana da nagusi, eta eite horiek guztiak kontuan hartuta esan genezake Pou anaiek apustu ausarta egin zutela.

Eta hori aitortzen badiegu, era berean azpimarratu behar da ere Cao Granden izan duten emaitza bikaina izan dela. Hori diogu etxetik zeramaten lan guztiak biribiltzeko aukera izan dutelako. Lehenik eta behin, bide berri bat zabaldu nahi zuten. Eta lortu dute: “Leve Leve” (8b+, 450 m). Eta bigarrenik, “Nubivagant” edo ingelesen marrari puntu gorria jarri edo askatu (8b, 450 m). Eta hau ere, biribildu dute.

Eta hau guztia esanda, agian, Pou anaiek esango digute informazioa ez dela guztiz zehatza. Kirol jarduerakoa bai; ez, ordea, emaitza horiek lortu dituzten eskalatzaileena. Eta, bai, aipatu behar dugu, aurreko etapan bezala, bi anaiek ez dutela bakarrik jardun; Manu Ponce sokakide izan dute: «Manu aukeratu genuen gehitzen duen eskalatzailea delako. Kirol honetan ia bakarra da; horrekin esan nahi dugu berez blokeko espezialista dela eta soka gerrira ia ez duelako lotzen. Paretan eskalatzen du, baina kirol eskalada ia batere ez. Biok ala biok erabaki genuen taldera sokakide bat batzen bagenuen, maila pertsonalean gehitzen duelako izango zela. Eta haren izena Manu Ponce da».

Jarduera hauen kokapena egin eta gero, eskalatzaileok egin dituzten jarduerak luze eta zabal jorratuko ditugu. Hasteko eta behin, eskalatzaile gasteiztarrek onartu dute baldintza gogorretan jardun dutela: «Nahiz eta garai lehorrean joan garen, klima oso neurriz gainekoa izan da. Eguraldi tropikala denez, egun eguzkitsu gutxi izaten ditu; izan ere, euri asko egiten du. Horregatik, euriarengatik, eroria duen marra bat aukeratu behar izan genuen; zati horiek, bederen, lehor zeudelako. Gainera, bide asko zabaltzeko aukera handirik ez dago, besteak beste, orratza leuna delako, eta belar eta landare asko dituelako. Arroka biguna da, ez du helduleku handirik eta oso kamutsak dira. Adherentziari dagokionez, arroka zuriak irrist egiten du, baina beltza bikaina da oso».

Bi sari

Eguraldia lagun ez zutela, hirukotea orratzera iritsi bezain laster lanean jarri zen. Ia dena bustia zegoenez, bide berriak lehor zituen sekzioetan lanean jarri ziren: «Lehen egunetan eroria duen zatian jardun genuen. Eta baldintzak ikusita, erabaki genuen ingelesen marran luzeak askatzen hastea. Hori bai, hezetasun handia zegoenean, berriro geure xedera itzultzen ginen. Soilik bi egun izan genituen euririk gabe. Alabaina, bai ‘Leve Leve’ bai ingelesen bidea nahiko bustita eskalatu genituen».

Hain zuzen, bi eguneko eguraldi lasai hori aprobetxatuta, eskalatzaileok “Leve Leve”-tik goitik ateratzeko baliatu zuten. Aldez aurretik, lehen bi luzeetan (sabaira eramaten dutenak) soka finkoa jarri zuten. Luze guztiak askatzeko aukera izan zuten, baina ez egun batean eta behetik gora, baizik eta egun ezberdinetan.

Teknikoki luze gogorrenari dagokionez, Ikerrek soilik era askean igo zuen: «Gu baino askoz ere indartsuago da, eta oso azkar sinatu zuen. Luze horrek eskalada teknikoa du, orpoekin hainbat pauso egin behar dira, helduleku kamutsak ditu... Eta oso-oso heze zegoen. Hala ere, luze ikusgarria da. Azken eskalada egunean ‘Leve Leve’ amaitu nahi genuen. Eta saria patrikan sartzeko aukera bikaina izan zen. Hamabi ordu jarraian lanean jardun genuen. Jaitsieran gauak harrapatu gintuen».

“Leve Leve”-k denera 12 luze ditu, eta protagonistek dioten modura, teknikoki zailtasun gorena 8b+ da. Marra zabaldutako estiloaren inguruan ere mintzatu dira: «Bidearen goialdea ia erabat garbi dago. Horrekin esan nahi dugu soilik bilerak paraboltekin atondu genituela. Eta beste parabolt bat du. Baina beheko zatia oso leuna da. Friend zein fisureroekin babesteko zati egokirik ez du. Ezin da ezer sartu. Horregatik guztiagatik sekzio horietan txapak behar izan genituen jarri. Bide alpinoa edo abentura duen horietako da; ahal zen parabolt gutxien jartzen saiatu ginen. Ingelesen marrak, berriz, kirol eskaladako kutsua du».

Lehen xedea biribildu ondoren, hirukoteak aukera izan zuen bigarrena ere lortzeko. “Nubivagant” izenekoa (hamabost luze) askatu eta 8b gradua jarri diote. Bi urte lehenago, Sergio Berreta-k eta Garetz Leah-k ia era askean igo zuten; soilik bi mugimendu A0-n egin zituzten. Beraz, irakurtzen den bezala, hirukoteak ginga jarri dio. Poutarrek aurreratu dutenez, paraboltekin ekipatuta dago: «Txapa horiei esker, goitik ateratzeko aukera izan genuen. Asko lagundu ziguten, eguraldia oso kaskarra zelako». Gutxira, Sam Daulton eta Remy Franklin estatubatuarrek bide horren bigarren igoera askea lortu zuten.